Donostiak egoera zaurgarrian zeuden 17.806 familia artatu zituen 2023an

0
binary comment

Guztira, 32.560.906 euroko aurrekontua bideratu zen baliabide desberdinetara, Gizarte Ekintza Sailaren bitartez

Donostiako Udalak 32.560.906 euro bideratu zituen iaz gizarte-politiketara, 17.806 familiari arreta emateko, 22.196 baliabide kudeatuz. Datu horiek, besteak beste, aurkeztu ditu Mariaje Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotziak bere sailaren 2023ko urteko memoriaren aurrerapen batean. Memoria laster argitaratuko da.

Idoetak azpimarratu duenez, Gizarte Ekintza Zuzendaritzak, aurreko urteetan bezala, «Donostiako gizarte-kohesioa hobetzeko eta gizarte-zerbitzuen euskal sistemako udal zerbitzuak eta prestazioak gauzatzeko helburu bikoitzarekin lan egin du, herritarrei zerbitzu horiek eskuratzeko aukera erraztuz«.

Hala, Donostian Gizarte Ekintzara bideratutako 32.560.906 euroetatik, nabarmendu behar da, 2023an, sailak batzuk bere egitura-gastua indartzeko erabili dituela, 118.723 euro gehiago dedikatuz horretara, azken urteetako kopururik handiena izanik.

Baliabide ekonomiko horiei esker, 17.806 familiari arreta eman zitzaien guztira, eta horietatik, %25i, lehen aldiz. «Kopuru horrek adierazten du Donostiako 5 familiatik 1ek iaz jaso zuela udalen gizarte-zerbitzuen arreta«, azaldu du zinegotziak.

Parametro horietatik ondorioztatzen da, 2023an, Donostian biztanle bakoitzeko gizarte-zerbitzuetan gastatutako batez besteko baliabide ekonomikoak 172,19€ izan direla.

Gainera, eskainitako baliabideak (zerbitzuak/prestazioak) 22.196 izan ziren guztira, eta horietatik %65 adinekoentzat edo desgaitasuna duten pertsonentzat erabili ziren; ondoren, gizarteratzeko baliabideak datoz.

Adineko pertsonentzako arreta

Donostiako Udalak baliabide gehien bideratzen dituen zerbitzuetako bat adinekoen edo mendekoen arreta da. Udala erreferentzia da zaintzaren arloan, bai arretari dagokionez, bai prebentzioari dagokionez:

  • Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua da oraindik gehien eskatzen den zerbitzuetako bat, batez ere adinekoei dagokienez, zerbitzu hori ematen zaien kolektiboen %87,66 baitira adineko pertsonak. 2023an, 10.631.452€ bideratu ziren zerbitzu horretara; guztira, 393.609 ordu eman ziren 2.010 etxebizitzatan, eta 2.656 pertsonak baliatu zuten zerbitzu hori.
  • Adinekoentzako udal-ostatuko zerbitzuei dagokienez, 2023an, 36 plaza gehiago sortu ziren Arrasate 51ean, guztira, 273 udal plaza izanik.
  • Prebentzio-lana: 145 prebentzio-bisita egin ziren bakarrik erroldatuta dauden eta azken 5 urteetan Gizarte Zerbitzuekin harremanik izan ez duten 85 urtetik gorako pertsonei
  • Goizaldiak programan, 78 pertsonak parte hartu dute auzoetan banatutako 8 taldeetan, berriz ere hurbileko zerbitzua sustatuz.
  • Adinekoen parte-hartze aktiboa sustatzeko:
  • Erretiratuen 24 elkarteek laguntza jaso zuten: 19 lokal laga zitzaizkien, 723.200€-ko dirulaguntzak jaso zituzten eta kudeaketarako laguntza teknikoa ere eman zitzaien)
  • +55 programaren bidez 771 jarduera egin ziren, guztira 14.686 parte-hartzailerekin.

Gizarteratzeko baliabideak

2023an gehien eskatu den bigarren baliabidea gizarteratzea izan da. 4,5 milioi euro bideratu ziren horretara, honela banatuta:

  • Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (3.530.902€)
  • Lan Partekatua sustatzeko Laguntzak (793.397€)
  • Laguntza Fiskalak (229.743€).

Genero-indarkeriaren biktimentzako eta adingabekoentzako arreta

Udalak adingabekoen babesgabetasun-kasuak garaiz detektatzeko eta esku hartzeko lan prebentiboa egiten jarraitzen du, 91 lanbide-unitatetako profesionalak gaituz horretarako (ikastetxeak, haurreskolak, kiroldegiak, osasun-zentroak…).

2023. urtean, 2.211 pertsonari eman zitzaion prestakuntza 265 prestakuntza-saioren bidez, eta 2022-2023 ikasturtean, guztira, 1.258 esku-hartze goiztiar egin ziren adingabeekin. Gainera, 2023an, 877 esku-hartze egin ziren babesgabetasun-egoeran zeuden adingabeekin.

Genero-indarkeriaren biktimei emandako arretari dagokionez, urte berean 534 pertsonari arreta eman zitzaien: 252 berriak ziren, eta 282, aurreko urteetan arreta jasotzen hasiak.

2024ari begira, zerbitzu zehatz hori indartu egin da:

  • kasu horiei arreta emateko guneak hobetzeko obrekin
  • indarkeria-mota horren biktima ere badiren adingabeei zuzendutako ikuspegi batekin lan egiten duen psikologo berri baten laguntza

Gizarte-harrerako baliabideak

2023an, etxerik gabeko pertsonei arreta emateko 3.316.355 € bideratu ziren (aurrekontu orokorraren % 10). Gizarte-harreraren arloan, Udalaren helburua hiriko larrialdi zerbitzu edo baliabideetara jotzen duen kasu bakoitzari modu integralean eta pertsonalizatuan heltzea da.

Horretarako, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua du, urte osoan irekita dagoena. 2023an, zerbitzu hori arduratu zen 1.492 bizikidetza-unitateri gizarte-arreta emateaz.

Etxerik gabeko pertsonentzako zerbitzuen artean, Hestia Eguneko Zentroak espazio bat eskaintzen du etxerik gabeko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko aldaketa-prozesuak lantzeko.

    • 1.213 pertsonari arreta eman zitzaion lokalean egindako jarduketetan,
    • 55 pertsona kaleko jarduketetan eta
    • 221 pertsona esparru komunitarioetan.

Etxerik gabeko pertsonentzako urgentziazko ostatu-baliabideei dagokienez, Udalak 199 plaza eskaini zituen egunean, eta laguntza ekonomikoak eman zizkien beste 48 pertsonari bizitoki-irtenbideak ahalbidetzeko.

  • Abegi Etxea harrerako udal zentroak 1.023 pertsona hartu zituen iaz (horietako 56 Eranskinean jasotako 19 familia barruan daude) baliabideak dituen 56 plazatan, eta 13.363 ostatu-gau eskaini zituen guztira. Ostatua emateaz gain, gosariak, bazkariak eta afariak ere eman zitzaizkien.
  • Gaueko Aterpeak 22 plaza ditu etxerik gabeko pertsonak gauez hartzeko, eta, 2023an, 119 pertsonak 7.382 gau eman zituzten bertan, eta gosariak eta bazkariak jaso zituzten.
  • Gainera, Udalak 32 harrera-pisu ditu 2023an.
  • Ate Irekien Zerbitzua edo Neguko Aterpea ere aktibatu zen urteko 21 gauetan, eta 320 pertsona hartu zituen guztira 1.927 gautan.

Eta ostatu-zerbitzuez gain, etxerik gabeko pertsonentzako Otorduak II elikadura-programarekin jarraitu zen. Programa horretan:

  • 164 pertsonari bazkaria eta afaria eman zitzaizkien 2023an,
  • hiriko 13 jatetxetan.