Emakumeen lidergoa handitzea eta nesken eta emakumeen artean bokazio zientifikoak sustatzea, UPV/EHUren Berdintasunerako IV. Planaren lehentasunak

0

UPV/EHUk Berdintasunerako Plan berria aurkeztu du gaur, era horretako laugarrena, eta 2028ra arte egongo da indarrean. Plana aurkeztu du Eva Ferreira García errektoreak, Aitor Zurimendi Isla idazkari nagusiak eta Elena Leiñena Mendizabal Berdintasunerako zuzendariak lagunduta.

Euskal unibertsitate publikoaren Berdintasunerako Plan berriaren xedea da diagnostiko txostenek nabarmendu dituzten beharrei erantzutea eta gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala txikitzea. Planak 5 ardatz ditu (Prestakuntza; Ikerketa; Gizartea eta Kultura; Pertsonak; Gobernantza eta Baliabideak), 79 jardun lerro, eta 40 adierazle, lerro horien eraginkortasuna neurtzeko.

Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak goraipatu egin du Berdintasunerako IV. Plana martxan jarri izana: “Gobernu Kontseiluaren babes osoa izan du, eta plana onartu da berdintasunaren aldeko ekimenek bultzada berezia izan duten aste baten testuinguruan. Hala, joan den ostiralean egin genuen CRUE-Genero Berdintasunerako Politikak Lantaldearen lehen osoko bilkura, Bizkaia Aretoan. Gure unibertsitatea talde horren buru da. UPV/EHU funtsezko erreferentea da genero politiketan, eta genero indarkerien aurkako haren protokoloa inspirazio iturri izan da antzeko egitasmoetarako unibertsitate askotan. Era berean, aniztasunari dagokionez, LGTBI+ tematikako lanak sustatzen ditugu, eta pertsona transen eta ez-bitarren izena aldatzeko protokoloa onartu dugu”.

Berdintasunerako plan berria sortu da euskal unibertsitate publikoan berdintasuna aztergai izan duen diagnostiko xehe batetik (“Non gauden”, dokumentuak adierazi bezala, “Non egon nahi dugun 2028an” planifikatzeko). Hala, baieztatu egin da bere horretan jarraitzen duela diziplinen arteko genero arrakalak. Emakumeak nagusi dira Osasunari, Hezkuntzari eta Gizarte Zientziei loturiko diziplinetan; gutxiengoa, Zientzia, Teknologia eta Ingeniaritza arloetan. Lan kategoria altuenetan, gutxiengo nabarmena dira (katedradunen % 22,7, adibidez), eta hori gertatzen da irakasle-ikertzaileen artean ez ezik, baita TEKAZEL langileen artean ere (Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak). Soldata arrakala ere mantentzen da: emakumezko langileek gizonek baino % 7 gutxiago irabazten dute. Gobernu Taldea parekidea da, baina beste kargu batzuetan, zenbat eta handiagoa izan karguaren erantzukizuna, orduan eta emakume gutxiago kategoria horietan.

Beraz, urrats esanguratsuak egin badira dira, oraindik badago zereginik berdintasunerako bidean. Horretarako, Berdintasunerako IV. Planak asmo handiko helburu batzuk finkatzen ditu datozen lau urteetarako. 2028rako helburu garrantzitsuenen artean daude:

  • Emakumezko katedradunen eta irakasle osoen ehunekoa % 40 ingurukoa izatea.
  • TEKAZEL langileen A mailako emakumeen ehunekoa bat etortzea, gutxienez, kolektibo horretako emakumeen guztizko ehunekoarekin.
  • Soldata arrakala erdira murriztea.
  • TEKAZEL langileen % 10 telelanean aritzea, eta urrutiko lanaren aukera ematea.
  • Prestakuntzan eta ikerketan erreferente izaten jarraitzea euskal gizartean, bai eta genero indarkerien aurkako borrokan ere, gure protokoloa indartuta. Bereziki, bokazio zientifikoak sustatzea nesken eta emakumeen artean, rolak deseraikiz, STEAM diziplinetan dagoen hesi bikoitza murriztuta.

Berdintasunerako IV. Plana garatzeko, UPV/EHUk 2,5 milioi euroko aurrekontua erabiliko du (2024-2028). Horri gehitu behar zaio emakume ikertzaileek beren proiektu eta egitasmoetan lor dezaketen kanpo finantzaketa.