- Apartamentu guztiak 36 urtetik beherako gazteei esleituko zaizkie, eta Eusko Jaurlaritzak sei milioi euroko inbertsioa egin du
- Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak azpimarratu du garrantzitsua dela “gazteen etxebizitza-eskubidea gauzatzeko behar diren baliabideak aktibatzea, aldi baterako alokairuko zuzkidura-bizitokiena bezalako formula aitzindariak erabiliz”
- Nagore Alkorta alkateak Udaletik azaldu duenez, “uste dut horrek ere baduela bere garrantzia, hutsetik eraiki beharrean eta lur gehiago okupatu beharrean, dagoeneko horzegoen eta azpeitiarrontzat ezaguna den eraikin batean egin direlako etxeak, eta eraikina bera babesteko aukera ere ematen dutelako etxeek”
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Azpeitiko garai bateko Mirabeen komentuan eraiki diren alokairuko 48 zuzkidura-bizitokien giltzak entregatuko ditu. “Eusko Jaurlaritza gisa, gazteen etxebizitza-eskubidea gauzatzeko behar diren baliabideak aktibatzeko erantzukizuna eta konpromisoa ditugu, aldi baterako alokairuko zuzkidura-bizitokiena bezalako formula aitzindariak erabiliz”, adierazi du Denis Itxasok, astelehen honetan, herriko alkateak, Nagore Alkortak, lagunduta garai bateko komentura egindako bisitan.
Eusko Jaurlaritzak sei milioi euroko inbertsioa egin du apartamentuak birgaitzeko, eta guztiak izango dira gazteen emantzipazio-prozesuak errazteko. Itxasoren hitzetan, jarduketa honek bi helburu ditu: “etxebizitza arrazoizko prezioan eskuratzeko beharrari erantzutea eta lehendik eraikitako eraikinei erabilera berriak ematea”, jasangarritasuna eta “lehendik dauden baliabideen aprobetxamendu eraginkorra” sustatuko dituzten birgaitze-proiektuak azpimarratuz, adierazi du Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu berriak.
Esleipendunak datozen egunotan hasiko dira euren etxeetako giltzak jasotzen, eta etxe horietan gehienez ere datozen bost urteetan bizi ahal izango dira, euren diru-sarrera haztatuen arabera kalkulatu den eta horien % 30 inoiz gainduko ez duen hileko kanon baten truke. Eusko Jaurlaritzak orain arte Bizigune programaren bidez prezio eskuragarrian alokatzeko Alokabideri hileko kanon baten truke lagatako zortzi etxebizitza partikular kudeatu ditu, eta 48 zuzkidura-bizitokiek, beraz, nabarmen handituko dute Azpeitiako alokairu babestuko parke publikoa (gainera, herriko 156 gaztek jaso dituzte uneren batean Gaztelagun programaren laguntzak). Sailburuak azpimarratu du sustapen berri honekin Jaurlaritzak dagoeneko gazteentzako era horretako 900 apartamentu inguru dituela Euskadi osoan, horietako gehienak, 373, Gipuzkoan.
Udalak doan utzi dio eraikina Eusko Jaurlaritzari. Nagore Alkorta alkateak Udaletik azaldu duenez, “Kasu honetan, udalak doan utzi dio Esklabetako eskuin hegal hori Eusko Jaurlaritzari, eta bi erakundeen arteko lankidetza akordioari esker egin ahal izan dira etxeak. Uste dut horrek ere baduela bere garrantzia, hutsetik eraiki beharrean eta lur gehiago okupatu beharrean, dagoeneko horzegoen eta azpeitiarrontzat ezaguna den eraikin batean egin direlako etxeak, eta eraikina bera babesteko aukera ere ematen dutelako etxeek. Aurrerantzean ere espero dut halako elkarlanetarako aukera izat”.
48 zuzkidura-bizitokien artean mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonentzat egokitutako logela bateko bi apartamentu daude. Gainerako 46 bizitokietatik 29 logela bakarrekoak dira eta 17 bikoak. Apartamentuak komentuaren ekialdeko hegalean daude, 7.951 metro karratuko espazio batean, eta beheko, lehenengo eta bigarren solairuetan daude banatuta. Apartamentu bat esleitu zaien pertsonak Etxebideren erregistroan, bai Azpeitian bai Urola Kostako eremu funtzionalean, inskribatuta dauden alokairuko etxebizitzen eskatzaileak dira, eta bete behar dituzten baldintzak dira titularretako bat behintzat Azpeitian erroldatuta egotea, 3.000 eta 42.315 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak izatea eta jabetzako, azalera eskubideko edo gozamen-eskubideko etxebizitzarik ez izatea.
Azpeitiako Mirabeen komentuko zuzkidura-bizitokien sustapena Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren Euskadi osoko lan-ildoan kokatzen da, eta helburua du Euskadiko udalerrietan erabiltzen ez diren eraikin bereziak balioestea eta alokairu eskuragarriko etxebizitza edo zuzkidura-bizitoki bihurtzea.