Jabones El Abra 78 urte baino gehiagoko enpresa da, Ortuellan (Bizkaia) kokatua. Detergente industrialak ekoizten ditu, bai ehungintzarako, bai ontzi-garbiketarako eta garbiketa orokorretarako. Horeca sektorean (Ostalaritza, Jatetxeak eta Kafetegiak) edo egoitza eta ospitaleen sektorean jarduten du, eta presentzia handia du penintsulan; banatzaileak ditu Euskadin, Nafarroan, Kantabrian, Burgosen edo Andaluzian. Oraintxe bertan, Galizian duen presentzia handitzea du helburu, eta nazioarteko bezeroak ere baditu. Hain zuzen ere, Frantziako hego-mendebaldean banaketa akordioak ixteko prozesuan dago.
Jabones El Abrak lantzen ari den ardatzetako bat bere produktua gero eta jasangarriago egitea da, eta testuinguru horretan SPRI Taldearen laguntza jaso du Hazinnova programaren bidez, ‘Bag in Box’ izeneko formatua ezarriz. “Hazinnovari esker, merkatu azterlan bat egin ondoren, produktu litro bakoitzeko plastiko askoz gutxiago erabiltzen duen ontzi bat garatu dugu. Gure nahiez eta merkatuaren erregulazioaren ondorioz, ingurumena errespetatzen duen ontzi ekologikoago bat ekoizten ari gara”, adierazi du Mikel Lasak, Jabones El Abrako gerenteak.
Ontzi berria zurruntasunik ez duen poltsa mehe bat da, eta kartoizko ontzi batek estaltzen du. Produktua garatzeko eta martxan jartzeko, BEAZ Bizkaiaren laguntza ere izan du Jabones el Abrak.
Baina 1946an sortutako enpresak iraunkortasunean egindako aurrerapenak ez dira soilik ontzira mugatzen, baita detergente gama berri batera ere. “Europako Etiketa Ekologikoa (EEE) duen ECOLABEL produktu-lerro bat kaleratzeko prozesuan gaude. Gure formulazioetan sakontzen ari gara detergente ekologikoen lerro hau sortzeko, garbiketa-gaitasuna galdu gabe eta garbitegira zein baxerara bideratuta”, azaldu du Mikel Lasak.
Gainera, konpainia bizkaitarrak Enpresa Digitala programan parte hartu du, bere barne prozesuak hobetzeko eta bezeroekiko harremana errazteko. Etorkizunari begira, Jabones El Abraren asmoa Espainian hedatzen jarraitzea da, Galizia, Aragoi eta Madrilgo Erkidegoaren lehentasunezko helburuarekin. “Produktuei dagokienez, produktu ekologikoen munduan aurrera egin nahi dugu, hala nola konposiziokoetan eta bilgarri formatuetan, gure produktu sorta handituz”, adierazi du gerenteak.
Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.