Osakidetzako Administrazio Kontseiluak Susana López Altuna izendatu du Zuzendari Nagusi berria

0
  • Maite Martínez de Albéniz Zabaleta Osasun Laguntzako zuzendari izendatu dute eta Xabier Ibarzabal Astigarragak Ekonomia eta Finantzako zuzendari kargua hartu du

Osakidetzako Administrazio Kontseiluak astelehen honetan erabaki du Susana López Altuna izendatzea Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusi, eta kargu horretan Rosa Pérez Esquerdo ordezkatuko du.

Susana López Altuna Zuzenbidean lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean. Ordezko epaile gisa hasi zuen bere ibilbide profesionala, 1992an Osakidetzan sartu zen arte. Bertan garatu du bere ibilbide profesionala, lehenik Donostiako Aholkularitza Juridikoko arduradun gisa, gero letratu gisa eta, ondoren, Aholkularitza Juridikoko zuzendariorde gisa. Kargu hori hainbat etapatan bete du: lehenik 2006 eta 2009 artean, eta jarraian 2013tik.

Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolako irakasle laguntzailea da, Legegintza eta Etika Profesionaleko eskolak ematen ditu, eta Osasuneko Legelarien Zuzendaritza Batzordeko kidea da. Gainera, López Altunak Bioetikako Masterra du EHUn, eta hainbat kongresu, jardunaldi eta sinposiotan parte hartu du hizlari gisa.

Gainera, Administrazio Kontseiluak gaur arratsaldean erabaki du Maite Martínez de Albéniz  Zabaleta izendatzea Osasun Laguntzako zuzendari, eta Xabier Ibarzabal Astigarraga, Osakidetzako Ekonomia eta Finantzako zuzendari.

Víctor Bustamanteren ordezkoa izango da Maite Martínez de Albéniz Garuneko hodietako gaixotasunetan aditua den neurologoa da, eta Osasun Kudeaketako Masterra du. Orain arte, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Neurologiako Ospitalizazioko burua izan da, Iktusaren Unitateko koordinatzailea, eta esparru nazionaleko hainbat proiektutan parte hartu du arlo horretan, non bere jardueraren zati bat ikerketari ere eskaintzen dion. Zuzendariorde medikoa izan da Donostia Unibertsitate Ospitalean, baita irakasle elkartua ere UPV/EHUn, Neurologia ikasgaia euskaraz emanez.

Bestalde, Xabier Ibarzabal, Néstor Aranaren ordezkoa, Automatika eta Elektronika Industrialeko Goi Mailako Ingeniaritzan lizentziatua da. Lehen urteetan automobilgintzaren sektoreari lotuta egon ondoren, 2008an sartu zen lehen aldiz Osakidetzan, Informatika Zuzendariordetzan erradiografiaren historia digitalizatzeko teknikari arduradun gisa, eta, ondoren, Azpiegituren Zuzendariordetzan. Azken horretan, hainbat postu bete ditu, eta ekipamendu berrien proiektu-buru izan da, besteak beste Eibarko Ospitalean, Urdulizko Ospitalean edo AUOn. 2021etik Azpiegituren zuzendariorde gisa dihardu.