Euskadik Gazatik datozen 9 adingaberi eta emakume bati eta haien senideei osasun-laguntza emango die

0
  • Osakidetzak Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean 5 adingabe eta Donostia Unibertsitate Ospitalean 4 adingabe eta horietako baten ama artatuko ditu
  • 2 eta 14 urte bitarteko adingabeen artean gaixoak eta gerrak zauritutakoak daude. Gainera, haietako baten ama, gatazkan zauritua, artatuko dute
  • Itziar Astigarragak, Gurutzetako Pediatriako buruak, azaldu du zauriak ebaluatu eta paziente bakoitzaren osasun-laguntza nolakoa izan behar den planifikatuko dutela eta ondoren sendatze egokia ziurtatuko duen jarraipena egingo dutela

Datorren ostegunean, uztailaren 25ean, iritsiko dira Euskadira, senideekin batera, 9 adingabe eta osasun-arazo larriak dituen emakume bat, Gazatik, Osakidetzan osasun-laguntza jasotzeko.

Euskal Osasun Zerbitzuak Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko 5 adingabe eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko 4 adingabe eta emakume bat artatuko ditu. 2 eta 14 urte bitarteko adingabeek hainbat motako patologiak dituzte: lesio traumatologikoak, erredurak, arazo neurologikoak, oftalmologikoak edo kardiakoak. Gainera, osasun-laguntza neurologikoa behar duen adingabeetako baten ama ere artatuko da.

Gurutzetako eta Donostiako ospitaleetan adingabeen premia mediko urgenteei erantzungo zaie, eta senideekin batera egongo dira tratamendu osoan.

Itziar Astigarraga Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pediatria buruak adierazi duenez, pediatrek, espezialistekin batera, zauriak ebaluatuko dituzte eta paziente bakoitzaren osasun-laguntza nolakoa izan behar den planifikatuko dute. “Litekeena da haurrek ebakuntza kirurgikoak behar izatea, hausturen, erreduren eta zaurien norainokoa ebaluatu beharko dugu, eta baliteke egun batzuk ospitaleratuta egon behar izatea. Gainera, jarraipena egingo da haietako bakoitza behar bezala osatzen dela ziurtatzeko”, adierazi du.

«Haur guztiekin bezala, ospitaleratuta ahalik eta denbora gutxien egon daitezen saiatuko gara, ostatu hartzen duten etxeetan errekuperatu daitezela, eta ospitaleko kontsultetara joan daitezela zauri kirurgikoak sendatzeko eta zauria orbaintzen doazela kontrolatzeko, ondorengo ebakuntzarik behar ez dutela ziurtatzeko», adierazi du Astigarragak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak, OMErekin eta Ministerioarekin batera, hilabete baino gehiago daramate Gazako franzako haur palestinar horien ebakuazioa prestatzeko lanetan, gehienak gerrako zauri oso larriekin. Azkenean, bihar iritsiko dira Madrilera, Kairotik, eta hurrengo egunean Euskadira eramango dituzte.

Estatuko ospitaleetara iritsiko diren 15 pazienteetatik 10ek Euskadira joko dute. Alde horretatik, Astigarragak  Euskadiren elkartasuna azpimarratu du, bai harrerarako, bai osasun-laguntzarako. Gaunera, esan du erakunde guztien lankidetza ezinbestekoa izan dela ekintza hau posible izan dadin. «Harro egon gaitezke Sailak eta Osakidetzak egin duten lanagatik; ospitaleetako, pediatriako eta kirurgiako zerbitzuen inplikazioagatik. Horrek adierazten du euskal solidaritatea eta gatazka belikoak jasaten ari diren haur asko hartu eta artatu ahal izateko borondatea».

Familiei, haurrei eta haien senideei arreta emateko, errefuxiatuentzako irabazi-asmorik gabeko erakundeek kudeatutako baliabideetan hartuko dute ostatu. Baliabide horiek hainbat zerbitzu eta jarduera eskainiko dituzte harreraren barruan, besteak beste ostatua, mantenua eta oinarrizko premien estaldura; baita arreta integrala ere, informazioa eta orientazioa, laguntza psikologikoa eta juridikoa, eta itzulpen- eta interpretazio-zerbitzua.

Aurreikusten da Gazatik datozen familiei osasun-arreta eta arreta psikosoziala emateko proiektu honek 3 hilabeteko iraupena izango duela, familiak iristen diren egunetik zenbatzen hasita.