Eusko Jaurlaritzak 115.000 eurotik gorako dirulaguntza eman dio Urduñako Udalari, harresiaren balioa nabarmentzeko lanak burutzeko

0
  • Dirulaguntza hau Eusko Jaurlaritzak Aiaraldean aurreikusitako inbertsioen barruan sartzen da.
  • Harresia Urduñako Hirigune Historikoaren zati da, eta 1997an Babes Bereziko Kultura Ondasun izendatu zen, Monumentu Multzo kategorian

Jaurlaritzaren Kontseiluak 115.386 euroko dirulaguntza zuzena eman dio gaur Urduñako Udalari, harresien birgaitzea amaitzeko. Dirulaguntza hori Eusko Jaurlaritzak Aiaraldean (Lehentasunezko Jarduera Eremua – ZAP) aurreikusitako inbertsioen parte da, Berpiztu programaren barruan, ekonomiaren eta enpleguaren susperraldiari aurre egiteko. Horrela, proiektuak 815.000 euroko finantzaketa izan du.

Gaur onartutako dirulaguntzaren eta aurreko inbertsioen helburua Urduñako kultura-ondare berezia sendotzea eta balioestea izan da. Urduñako Hirigune Historikoaren barruan dago harresia, eta 1997an babes bereziko kultura-ondasun izendatu zuten, monumentu-multzo kategorian.

Gaur egun kontserbatzen dena XV. mendean Urduñako alde zaharrean hiria inguratzen zuten harresi gotikoen zati bat da. Harlanduzko horma da, neurri bikoitzekoa, eta elizaren burualdea inguratzen duen ingurabideko pasealekura ematen du. Urduñako herrigunea harresituta dago, eta Eusko Jaurlaritzaren ekarpenari esker, Andra Mari parrokiaren eta udaletxearen artean dagoen harresia zaharberritu da.

Proiektuaren deskribapena

Urduñako Udalak 2022ko azaroan aurkeztu zuen Andra Mari parrokiaren eta harresiaren arteko eremurako proiektua. Obren helburua Urduñako ondare historiko eta arkitektonikoari balioa ematea da, hura kontserbatuz eta herritarrek erabiltzeko eta gozatzeko parke bat sortuz. Era berean, eszenatoki bat, pasabide bat eta lorategi-gune bat eraikitzea da asmoa, eta horrek balioa emango lioke.

Lehentasunezko jarduera-eremuetan garatzen diren proiektuen helburuetako bat eskualdearen garapenari bultzada bat ematea da, eta, kasu honetan, kultura-ondareari balioa emanez eta hura gizarteratuz egin da.

Informazio gehiago hemen.