Eusko Jaurlaritzak 700.000 euro bideratuko ditu beste behin ere Kultura eta Sormen Industrien berrikuntzarako, “KSI Berritzaile+” Programaren barruan

0
  • Helburua da proiektu berrietarako aukera-guneak sortzea eta garatzea 3 esparrutan: berrikuntza teknologikoa, antolaketa-ereduaren berrikuntza eta enpresen finantza-gaikuntza

Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du Euskadiko Kultura eta Sormen Industrien (KSI) sektorean 2024-2025 aldirako potentzial berritzaile handia duten proiektuak garatzen dituzten enpresentzako diru-laguntzetarako deialdia egiten duen agindua. Guztira, 700.000 euro bideratuko dira bi ekitalditan, 350.000 euro 2024an eta beste horrenbeste 2025ean.

Laguntza horiek KSI Berritzaile+ Programaren barruan sartzen dira; programa hori, era berean, Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren barruan dago. Aipatutako programa honen helburua da proiektu berrietarako aukera-guneak sortzea eta garatzea hiru jarduera-ardatzetan: berrikuntza teknologikoa, antolaketa-ereduaren berrikuntza eta enpresen finantza-gaikuntza.

Zer proiektu lagunduko dira diruz?

  1. Produktua/zerbitzua, prozesua edo negozio-eredua berritzeko proiektuak, bereizketa eta balio instrumentala, intrintsekoa edo soziala dakartenak.
  2. Ongarritze gurutzatua sustatzen duten I+G+b proiektuak.
  3. KSIek 2030erako Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko hiru trantsizioetako batekin lotutako I+G+b proiektuetan parte hartzea sustatzen duten proiektuak.

Proiektu bat hautatu eta diruz lagundu ahal izateko, gutxienez 20.000 euroko aurrekontua aurkeztu beharko da.

Eskaerak aurkezteko epea

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, dirulaguntza agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Zer sektorek hartzen dute beren burua Sormen Industriatzat eta Industria Kutluraltzat (KSI)?

Honako sektore hauek hartzen dira KSItzat: Arte eszenikoak, Ikusizko arteak, Ikus-entzunezkoak, Edizioa eta bitarteko inprimatuak, Musika, Kultur ondarea, Arkitektura, Artisautza, Eduki digitalak, Diseinua, Sorkuntza gastronomia, Hizkuntzaren industriak, Moda, Publizitatea eta marketina eta Bideojokoak, bai eta KSI sektoreko zeharkako erakundeak ere, hau da, bitartekaritza eta/edo aholkularitza/aholkularitza kulturaleko eta sortzaileko enpresak.