- 15 eta 17 urte bitarteko 127 gaztek uztailean Euskal Herria zeharkatzen
- Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural desberdinetatik datoz eta euskara da batzen dituen leitmotiva
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburu Nerea Melgosak harrera egin dio gaur arratsaldean EuskarAbentura espedizioari. Zarautzen egin du, non igaroko duten gaua Gazteria Zuzendaritzak babestutako ekimenean parte hartzen duten 15 eta 17 urte bitarteko 127 lagunek.
Joan den uztailaren 1etik, 30 profesionalek lagunduta (2 koordinatzaile, 10 monitore, 4 begirale laguntzaile, 2 begirale buru, 3 mediku, 2 erizain, 2 gidari, euskara teknikari 1, 2 argazkilari, kamera bat eta komunikazio arduradun bat), gazteak Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko hainbat etapa oinez egiten ari dira. Mauletik Getxoraino. Guztira, eta datorren asteazkenera arte (hilak 31), espedizioak 31 etapa beteko ditu eta 783 kilometro egingo dituzte, horietatik 483 oinez.
“EuskarAbentura aukera bat da. Gazte hauek gure sustraiak eta paisaiak ezagutzen ari dira, eta euskaraz. Esperientzia ahaztezina, denboran iraungo duten lagunak egiteko ere, zalantzarik gabe”, Melgosak adierazi duenez. Ekimenak, bestetik, askotariko errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kulturaletatik datozen neska-mutilak batzeko balio duela nabarmendu du Melgosak.
Datutan
Aurten EuskarAbenturan parte hartzen duten gazteen profila askotarikoa da: 43 Bizkaitik datoz (% 33,85); 28 Gipuzkoatik (% 22,05); 24 Nafarroatik (% 18,90); 13 Arabatik (% 10,24); 10 Lapurditik (% 7,87); 6 Behe-Nafarroatik (% 4,73); 2 Zuberoatik (% 1,57); gainera, edizio honetan euskal diasporatik etorritako pertsona batek parte hartzen du, zehazki Cuscotik (Peru).
Parte-hartzaileen artetik gehienak neskak dira 85 (% 66,93), 41 mutil (% 32,28) eta pertsona ez-binario bat (% 0,79).
Uztailean zehar, gazteek eta profesionalek Euskal Herriko 27 herritan emango dute gaua: Atharratze, Maule, Pagola, Larzabale, Donibane-Garazi, Auritz, Zubiri, Iruña, Añana, Argantzun, Gasteiz, Izarra, Araia, Zerain, Tolosa, Lesaka, Urdazubi, Baiona, Urruña, Donostia, Zarautz, Lekeitio, Aulesti, Gernika, Bermeo, Bilbo eta Getxon.