Adagio proiektuak industriarentzako IA sortzailea garatuko du

0
Euskal enpresa eta zentro teknologikoen partzuergo bat testua automatikoki sortzeko sistema batean ari da lanean. Euskaraz, gaztelaniaz eta katalanez izango da eta eremu industrialetara, osasunera, jarduera fisikora eta marketinera zuzenduko da.

LKS Next buru dela, CodeSyntax, SS4C, Athlon, Krean eta Ondoan euskal enpresak eta Vicomtech zentro teknologikoa Adagio proiektuan ari dira lanean. Testua automatikoki sortzeko sistema bat ikertu eta garatzeko helburua duen ekimena da, Adimen Artifizial Sortzailean eta hizkuntza sortzaileen ereduetan (LLM) oinarrituta. 

“ChatGPT bezalako tresnen merkaturatzeak eragin handia izan du gizartean oro har, eta ikusmin handia sortu da IA sortzailea hainbat arlo profesionaletan aplikatzeko aukerei buruz, hala nola industrian, hezkuntzan edo osasunean, besteak beste”, azaldu du partzuergoak. Horrela, bada, Adagiok industriaren erabilera espezifikoetara egokituko den testua automatikoki sortzea bilatuko du, hizkuntza-ereduak domeinu eta erabilera espezifikoetara egokituz. 

Zehazki, lau erabilera-kasu nagusi biltzen ditu, “guztiak partzuergoko enpresen beharretan oinarrituta”, zehaztu dute. Lehenengoan, dauden zehaztapen teknikoetan eta aurretiazko dokumentazioan oinarritutako memoria eta eskaintza industrialak sortzea lantzen da. Bigarrenak, lehendik dagoen dokumentaziotik abiatuta eduki berriak sortzea du helburu. Eta hirugarrenak eta laugarrenak marketinaren arloan eta osasunarekin eta jarduera fisikoarekin lotutako ikastaroetan jartzen du begirada. 

SPRI Taldearen Hazitek laguntza-programak bultzatuta, garapena gaztelaniaz ez ezik, euskaraz eta katalanez ere gauzatuko da. Eta baliabide mugatuak dituzten inguruneetan sistema erantzungarriak zabaltzeko aukera izateko helburuarekin, lengoaia neuronalen ereduak optimizatzeko metodoak garatuko dira. 

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.