Genuine taldeak nazioarteko txapelketa jokatuko du AEBetan

0

Athletic Club Fundazioak Genuine World Cup-en lehen edizioa jokatuko du abuztuaren 1, 2 eta 3an Houstonen

Athletic Genuine Genuine World Cup-en lehen edizioan parte hartuko duten 12 taldeetako bat izango da, adimen-urritasuna duten pertsonak kirolaren bidez gizartean sartzea sustatzen duen nazioarteko txapelketa. Houston Dynamo FC talde estatubatuarra izango da talde anfitrioia. Txapelketa jokatuko duten gainerako taldeak Inter Miami eta Texaseko Special Olympics, Mexikoko Selekzioa, Club Tigres eta Querétaro FC, Portugalgo Sporting Clube eta Benfica SL izango dira eta, Athletic Genuine taldeko lehoiez gain, LaLigako beste hiru ordezkari egongo dira: Fundació Barça, Valencia CF eta Tarragonako Nàstic.

Txapelketak multzoen fasea izango du, abuztuaren 1ean eta 2an. Azken fasea, abuztuaren 3an ospatuko da Shell Energy Stadiumen, Houston Dynamo FCren estadio nagusian. Torneoaren beste osagarri bat ‘Genuine Connect’ izango da, networking jardunaldi bat. Bertan, hainbat erakundek sektore horren eta etorkizunean aurre egin beharreko erronka nagusien inguruko ikuspegia emango dute.

Athletic Club Fundazioak azken entrenamendua egin du astearte honetan Lezaman, Houstonera joan aurretik. Egonaldian Rice Unibertsitateko egoitzan hartuko dute ostatu eta, Genuine World Cup-en lehen edizioan parte hartzeaz gain, antolakuntzak programatutako kultura- eta aisialdi-jarduerez gozatu ahal izango dute.

Athletic Genuine abentura berri honen aurrean ilusioz gainezka dago eta, beti bezala, emaitza edozein dela ere, taldea irabazle aterako da.