Sporting Clube de Portugal eta Athletic Club, ezizen bereko taldeak, uztailaren 27an nor baino nor gehiago ariko dira Portugalgo hiriburuan
Athletic Clubek eta Sporting Clube de Portugalek 2024/25 denboraldiari begira lagunarteko partida jokatuko dute larunbatean, uztailak 27, Euskal Herriko 20:30ean, Jose Alvalade Estadioan.
Denboraldiaurreko bere hirugarren konpromisoan, lehoiak Lisboan izango dira, 2012an sortutako V Violines Trofeoaren edizio berri batean parte hartzeko. Garaikur hori Jose Alvalade estadioan jartzen da jokoan urtero, eta Jesus Correia, Vasques, Albano, Peyroteo eta Jose Travassos omentzen ditu, 1946 eta 1949 artean Sporting CP taldearen aurrelarien boskotea izan zena. Orain arte, talde lisboarrak zortzi ediziotan irabazi du, eta Empoli, Sevilla FC eta Valencia CF kanpoko taldeek soilik eraman dute bere etxera. Hona hemen norgehiagoka ikustera joateko sarrerei buruzko informazioa.
Lisboa Portugalgo hiriburua eta hiri handiena da. Tajo ibaiaren bokalean dago eta milioi erdi biztanle baino gehiago ditu eta bere metropoli eremuan hiru milioi pertsona inguru bizi dira. Bertan, besteak beste, Quattre Teste taberna euskal-italiarra aurki daiteke, Alf del Portillo jarraitzaile zuri-gorriaren gidaritzapean.
Athletic Cluben eta Sporting Clube de Portugalen arteko harreman historikoa
Bilboko eta Portugalgo lehoiak aspaldiko ezagunak dira. Europa Ligako kanporaketetan bi aldiz jokatzeaz gain, behin baino gehiagotan pentsatu dute egokia dela bien arteko udako lagunartekoak antolatzea, euren denboraldiak ahalik eta ondoen prestatzeko. 1948an gure urrezko ezteietan Portugalgo taldeak egin zigun bisita nabarmendu daiteke, Katedralean 1-1 amaitu zen hitzordua.
Kanporaketarik ezagunena eta Athleticentzat ahaztezina 2011/2012 denboraldian izan zen, Europa Ligako finalerdietan. Lagunartekoa jokatuko den zelaian, hain zuzen ere, Aurtenetxek aurretik jarri zituen bilbotarrak lehen zatian, baina etxekoek markagailuari buelta eman zioten bigarren zatian, finalerako txartela irekita utziz. Itzulerako partida gogoangarrian, San Mames gainezka zegoela, Marcelo Bielsak zuzentzen duen taldeak behar zuen gola sartu zuen 88. minutuan, Athletic Club Europako txapelketa bateko bigarren finalean sailkatzeko.
Aurreko hitzordu kontinentalean, 1985/86 denboraldian, berriro neurtu zituzten indarrak partida bikoitzeko kanporaketan. Oraingoan, Lisboako taldea izan zen garaile, itzulerako partidan 3-0 nagusitu ostean. Aurretik, Katedraleko joaneko partidan, Sarabiaren eta Julio Salinasen golek garaipena eman zioten talde zurigorriari.
Neurketa ofizial horiez gain, portugaldarrek eta euskaldunek zazpi lagunarteko jokatu dituzte; hiru Lisboako zelaian, beste hainbeste San Mamesen eta bat Badajozko El Viveron. Balantzea talde bizkaitarraren aldekoa da, bi garaipen, lau berdinketa eta porrot batekin.
Era berean, iragan urtean Athletic eta Sportingeko emakumezkoen taldeen denboraldiaurreko lagunarteko partida jokatu zuten Lezaman, eta zuri-gorrien aldeko 2-0eko emaitzarekin bukatu zen.
Portugalgo azken ligako txapeldun argia
Hiru denboraldiren ostean, Ligako txapeldun izendatu dira berriro. Ruben Amorim entrenatzaileak zuzentzen du taldea. Viktor Einar Gyökeres, aurrelari suediarra txapelketako pitxitxia izan da, 29 gol eginda eta beste 14rekin gainerako lehiaketetan. Pedro Gonçalves eta Trincão jokalariak, 18 eta hamar aldiz arerioen atea zulatu dituztenak, ere nabarmentzen dira. Gainera, Morten Hjulmanden zelai erdiko kontrola, Gonçalo Inácio harrobiko jokalariaren defentsa sendoa eta Eduardo Quaresma harrobiko talentu gaztearen agerpena izan ziren Portugaleko lehoiak berriro Portugalen txapeldun izateko gakoak.
Sporting Clubek denboraldi berriari ekingo dio Primeira Ligako txapeldun sendo bihurtu ondoren. 90 puntu lortu zituen, Lisboako auzokidea duen SL Benfica bigarren sailkatua baino hamar gehiago.
Sporting Clube de Portugalen historia
Portugalgo hirugarren talderik sarituenaren aurka jokatuko dugu, 56 garaikur dituena. 24 aldiz irabazi du Primeira Liga (Portugalgo lau Txapelketa barne), 17 aldiz irabazi du Portugalgo Kopa, bederatzi Superkopa ditu, lau Ligako Kopa, Inperio Kopa bat eta Europako Errekopa bat (1963/64).
Athletic Clubek LaLigan bezala, Portugalgo lehoiak «Três Grandes» taldean sartzen dira SL Benfica eta FC Portorekin batera, titulu gehien dituzten eta, aldi berean, mailaz inoiz jaitsi ez direnak.
1906an sortu zen klub honen estadioak Sporting Clubeko sortzaile nagusiaren izena du: Alvaladeko Bizkondea, Jose Alvalade. Bestalde, 16 kirol diziplinako taldeak ditu, eta Olinpiar Jokoetan bere atletek domina gehien irabazi dituzten lehen kluba da, eta Futbol Club Barcelonaren atzetik, parte hartzen duen kirol guztietan titulu gehien irabazi dituen bigarrena.
Horrez gain, talde portugaldarraren leloan Athleticek Euskal Herrian ordezkatzen duena ikus daiteke: «Esfortzua, dedikazioa, debozioa eta loria». Bestalde, Ronnie Allen eta Mirolad Pavic entrenatzaileek bi taldeak zuzendu dituzte aulkitik.
Jokalari fabrika oparoa
Sporting Clube de Portugalen akademia mundu osoan ezaguna da eta aditu askoren ustez harrobi onenetakoa da. Besteak beste, Cristiano Ronaldo, Ricardo Quaresma, Luís Figo, Paulo Futre, Nani, Simão, João Moutinho eta Rui Patrício jokalariak bertan hezitakoak dira.
Jose Alvalade, estadio ederra
Norgehiagokaren agertokiak 50.000 ikuslerentzako lekua du eta 2003ko abuztuaren 6an inauguratu zen, Alvalade XXI izeneko kirol eta aisialdi gune baten erdian. 2004ko Eurokopa zela eta eraiki zen, ondoan zegoen Alvalade estadioa, Sporting eta Athletic neurtu zituen nuekrtea zirraragarri batekin estreinatu eta 4-4 amaitu zena, ordezkatuz. Estádio da Luz eta Estádio do Dragãoren ondoren, Portugalgo hirugarren estadiorik handiena da, eta UEFAk elitekotzat (4. maila) jotzen du.