- Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek Landa Garapenerako Euskal Sarearekin lotutako gaiak eta eskualdeko programa berrietarako metodologia ere jorratu dituzte
- Xabier Arruti, Arantza Atutxa, Noemi Agirre eta Anartz Gorrotxategi foro-diputatuak bertan izan dira
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredo Nekazaritza, Elikadura eta Landa Garapeneko Politikako Batzordeko buru izan da gaur goizean, Bilbon. Batzorde horretan hiru Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza daude. Topaketaren gai nagusia sektoreko belaunaldi-erreleboa izan da, bertan dauden sustapen-, prestakuntza- eta dibulgazio-beharrak kontuan hartuz.
Besteak beste, honako gai hauek aztertu dituzte erakundeetako ordezkariek: Landa Garapenerako Euskal Sarearen zirriborroa, Landa Garapenerako Eskualde Programak egiteko, egikaritzeko eta horien jarraipena egiteko metodologia, eta belaunaldi-erreleborako estrategia bateraturako eta joan den uztailaren 3an Iruñean garatutako Belaunaldi Erreleboko Foroan proposatutako jardunbide egokien katalogoan parte hartzeko azterketa.
«Europako Batzordeak belaunaldi-erreleboan sakontzeko eskatu die estatu kideei, eta guk, Euskal Autonomia Erkidegoan, ustiategien % 46 baino gehiagotan 65 urtetik gorako pertsonak izatearen arazoarekin, legegintzaldi honetarako lehentasunezko helburu gisa ezarri dugu. Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza estrategia berri bat lantzen ari gara arlo honetan «adierazi du Amaia Barredok.
Era berean, haragitarako behien arloan baliabideen egoera, mahastizaintzaren sektorerako ezohiko laguntzak, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) aplikazioaren egoera eta haren etorkizuneko lan-ildoak eta Nekazaritza eta Basogintzaren Lurralde Plan Sektoriala eguneratzeko proposamena ere aipatu dira.
Topaketan honako pertsona hauek hartu dute parte: Gipuzkoako Foru Aldunditik, Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arrutik; Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendari nagusi Arantxa Ariztimuñok; eta Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendari nagusi Koldobike Olabidek; Bizkaiko Foru Aldunditik, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Saileko foru diputatu Arantza Atutxak, eta Andoni Agirrebeitia eta Roberto Cañón zuzendariek; eta Arabatik, Nekazaritzako foru diputatu Noemi Agirrek eta Landa Garapeneko foru diputatu Anartz Gorrotxategik. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Amaia Barredo ez ezik, Raúl Pérez Iratxeta sailburuordea eta Ione Fernández Landa eta Jorge Garbisu zuzendariak ere izan dira.