Arabako Foru Aldundiak aliantza bat sustatuko du Arabako startupekin, lurraldearen erronkei irtenbide teknologiko eta disruptiboekin erantzuteko

0

Arabako Foru Aldundiak publikoki aurkeztu du datozen urteetarako proiektu garrantzitsuenetako bat izan nahi duena. Govtech proiektua da; programa bat, zeinaren bidez bilatzen baita Arabako foru administrazioaren erronken eta lurraldeko startup eta scalupen irtenbide teknologikoen arteko konbergentzia.

Arabako Foru Aldundiak gure enpresa teknologiko gazteenei lagundu nahi die, erakundearen ateak zabalduz irtenbide berriak, gauzak egiteko modu berriak eta tresna berriak eman diezazkiguten, Arabako herritarren erronkei aurre egiteko“, azaldu du Saray Zarate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuak.

Proiektua abian da jada, lehenengo lan faseak hasita. Zehazki, lurraldean puntakoak diren enpresa berritzaileen eta teknologikoki puntakoak direnen ekosistema mapatuko da. Helburua da bereiztea eskura dituzten irtenbide motak, garatzen dituzten teknologiak eta toki administrazioari zerbitzuak emateko duten gaitasuna.Lan hori amaitu ondoren, irailean, ekitaldi bat egingo da proiektua jendaurrean aurkezteko; hura “bere helburuak ezagutarazten saiatuko da tokiko startupen komunitatearen artean, proiektuari atxikitzea lortzeko” zehaztu du foru arduradunak.

Orduan hasiko da Govtech proiektuaren muina“, esan du foru diputatuak. Foru Aldundiak orain lan egingo du identifikatzen lurraldeko startup eta scalupen ekosistemak konpon ditzakeen foru administrazioaren beraren erronkak.

Saray Zaratek adierazi duenez, adibidez, “programak lagundu ahal izango du hain garrantzitsuak edo etorkizunekoak diren erronkei erantzuten, hala nola gizarte zerbitzuen erabiltzaileei buruzko iragarpen analisiak egitea, lurraldeko esperientzia turistikoak hobetzea teknologia erabiliz, berdeguneak kudeatzea errealitate areagotuaren bidez edo datu bolumen handien tratamendua hobetzea fiskalitateari lotutako analisiak egiteko“.

Horregatik, proiektuaren zeharkakotasuna nabarmendu nahi izan du Zaratek bere hitzaldian. “Nahiz eta Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saila izan proiektuaren buru, gainerako foru sailekin batera ari gara lanean, lurraldean inpaktu handiena duten erronkak identifikatzeko eta haiek Aldundiaren beraren estrategia teknologikora egokitzeko“.

Govtechen lehenengo edizio honetan, foru erakundeak administrazioaren eskumen eremuekin lotutako lau erronka identifikatu nahi ditu. Erronka horien gainean deialdi publiko bat landuko da, startup eta scalupek beren irtenbideak proposatuz parte hartu ahal izan dezaten.

Potentzial handiena dutenak azelerazio programa batean parte hartzeko hautatuko dira, zeinaren bidez irtenbideari forma ematen lagunduko baitzaie eta aholkularitza jasoko baitute erakunde publikoekin lan egiteko moduari buruz, kontratazio publikoaren merkatua ulertzeko moduari buruz eta lizitazioetan lehiakorrak izateari buruz. Gainera, planteatutako erronkari erantzuteko egokiena den irtenbideak proiektu pilotu bat garatuko du hura ezartzeko, eta, horretarako, legeriak jasotzen dituen kontratazio formula eta prozedura desberdinak erabiliko ditu.

Gure ustez, Govtech programak tokiko irtenbide teknologikoak emango dizkigu, bestela zaila zatekeen-eta haietara iristea. Prozesu horretan, gure startupei laguntzeaz gain, geuk ere ikasiko dugu berrikuntza formula berriei buruz“, azpimarratu du Saray Zaratek.