- Datorren asteburuan Euskadin trafikoa areagotzea espero da, udako irteera operazioa eta, neurri txikiagoan, oporretatik itzulerakoa elkartuko baitira
- Irteera-operazioa hasi zenetik hiru pertsona hil dira trafiko-istripuan Euskadiko errepide-sarean
Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak Udako Irteera-Itzulera Operazio Bereziaren lehenengo balantzea egin du, eta nazioarteko trafikoaren igoera txikia eta joan-etorrien normaltasuna nabarmendu ditu. AP-8 autobideko Irungo ordainlekuan egindako adierazpenetan, adierazi du uda hasieratik 1.900.000 joan-etorri erregistratu direla Biriatuko mugako pasabidean, hau da, 2023an baino % 2,5 gehiago. Europako fluxuak dira, eta Euskadiko errepide-sarea batez ere Afrika Iparraldera eta, neurri txikiagoan, Portugalera joateko zeharkatzen dute.
Era berean, Olabarrik gogorarazi du Parisko Olinpiadak direla eta, abuztuaren hamaikara bitartean Frantziako Jendarmeriak kontrolak areagotuko dituela Biriatuko ordainlekuan, eta ilarak sor daitezkeela Frantziarako noranzkoan. Hori dela eta, aurreikuspena eta pazientzia eskatu dizkie egun horietan Frantziarantz joaten direnei.
Nazioarteko trafikoaren igoera horren ondorioz, Euskadiko bide-sareko gune estrategikoetan seinalizazioak indartu dira, eta, gainera, bidean izango dituzten zerbitzuguneen berri ere emango zaie gidariei. Bestalde, Jaurlaritzak, irteera-operazioaren barruan, seinalizazio-operazio bereziak egingo ditu AP-1eko irteera (Etxabarri Ibiñan) eta N-622 errepidea (Gasteizerako noranzkoan) lotzea errazteko eta Gasteizen N-622 eta A-1 errepideen arteko lotunean, Burgos/Madrilerako noranzkoan. Itzulera-operazioan, berriz, Armiñongo lotuneko operatiboa jarriko du abian, lehengo AP-1 eta A-1 lotzen diren lekuan, Gasteizerako noranzkoan.
Barneko trafiko-fluxuei dagokienez, Olabarrik adierazi du oraingoz iazkoak baino zertxobait handiagoak direla. Orokorrean, zirkulazioa arina izaten ari da. Ibilgailu-pilaketarik handienak asteburuetan izaten dira A-8an, Kantabriarako noranzkoan, eta Kantabriatik Euskadira itzultzean. Puntu horretan erreskateko garabi-zerbitzu berezi bat gaitu da istripua izan duten ibilgailuak erretiratu ahal izateko eta, horrekin, pilaketak murrizteko. Orain arte bederatzi erreskate egin ditu (zazpi ibilgailuen matxuragatik eta beste bi istripuengatik).
Abuztuko lehenengo asteburua
Trafiko-dentsitaterik handiena datorren asteburuan espero da, oporrak abuztuan hartuko dituztenen irteerako trafikoa eta uztailean hartu zituztenen itzulerakoa elkartuko baitira.
Trafiko arina bermatzeko, Armiñongo lotunean, eta Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, behin-behineko seinaleen bidez gomendatuko da A-1en paraleloan doan N-1eko ordezko bidea erabiltzea Argantzun eta Armiñongo AP-1erako sarbide artean.
Behin-behineko balantzea
Joan den ekainaren 28an irteera-operazioa hasi zenetik, eta orain arte, hiru pertsona hil dira trafiko-istripuan Euskadin: bat ekainean eta beste bi uztailean. Biak motor-gidariak ziren, eta biak Gipuzkoako lurraldean hil ziren, ekainaren 30ean eta uztailaren 5ean. Uztailaren 25ean, berriz, emakume bat hil zen Bizkaian izandako istripu batean. Iazko uztailean bost hildako izan ziren.
Tokiko trafiko-dentsitate handieneko lekua A-8 autobidea izan da, Bizkaitik Kantabriarako noranzkoan. Uztailaren 5ean 14 kilometrora arteko ilarak sortu ziren ibilgailu-kopuru handiaren ondorioz.
Gipuzkoan, uztailaren 26an, 6 km-ko ilarak sortu ziren AP-8an, Irungo ordainlekuan, Kantabriarako noranzkoan, ibilgailu ugari zegoelako.
Bestalde, Araban trafiko-dentsitaterik handiena A-1 errepidean, Burgos/Madrilerako noranzkoan, izan da, eta 5 kilometrora arteko auto-ilarak sortu dira ibilgailuen joan-etorrien ondorioz, uztailaren 26an (ostirala) eta 27an (larunbata).
Gomendioak
Eusko Jaurlaritzak gomendatzen du bidaian irten aurretik errepideen egoera kontsultatzea 011 telefono-zenbakian (24 orduko arreta), www.trafikoa.euskadi.eus webgunean, TrafikoaEJGV aplikazioan edo @TrafikoaEJGV X kontuan.
Horrez gainera, gomendatzen du:
- Ibilgailua ondo dagoela ziurtatzea.
- Otordu oparorik ez egitea, logura saihesteko, eta alkoholik, drogarik edo gidatzean eragina izan dezakeen botikarik ez kontsumitzea.
- Abiadura trafikoaren eta errepidearen inguruabarretara egokitzea, eta beti jarraitzea Ertzaintzako agenteen aginduak.
- Segurtasun-tarteak mantentzea.
- Atsedenaldiak egitea bi orduz behin edo 200 kilometroz behin.
Era berean, erantzukizun kolektiborako eta gainerako gidariak, bereziki zaurgarrienak (txirrindulariak, motor-gidariak, pertsonen mugikortasunerako ibilgailuen gidariak eta oinezkoak), errespetatzeko deia egiten du, Euskadiko errepide-sarean trafiko-istripuetan biktimarik ez izateko Vision Zero sustatzeko.