- García Chuecak Euskadiko Garraio Agintaritzaren osoko bilkurarako deia egingo du udazkenean, Sailak legegintzaldi berrian izango dituen lehentasunak garraio publikoko operadoreei jakinarazteko eta integrazioan aurrera egiteko.
Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko sailburua, Jon Nogales Arabako, Sonia Pérez Bizkaiko eta Azahara Domínguez Gipuzkoako Mugikortasuneko foru diputatuekin bildu da astelehen honetan Gasteizen, lan-bilera batean. Bilera horretan, lau arduradunak bat etorri dira tarifen integrazioari «bultzada irmoa» emateko beharrarekin, hau da, Euskadiko garraio publiko osoan deskontuak aplikatzeko proiektuarekin, erabileraren eta baldintza sozioekonomikoen arabera, premia handiagoa duten kolektiboentzako tratamendu espezifikoarekin.
Sistema hori Euskadi osoan sortzeak, Gipuzkoan Mugi sistemaren bidez martxan dagoen eredu progresiboan oinarrituta, pertsonen eskubideak zabaltzea eta euskal herritar guztiei mugikortasun iraunkorrerako sarbidea bermatzea du helburu, haien egoera sozioekonomikoa eta bizilekua edozein izanda ere. Garcia Chuecak aitortu du «oso konplexua» dela «operadore eta abiapuntu askotarikoak integratzea», baina adierazi du beharrezkoa dela «aurrera egitea Euskadin mugikortasun iraunkorraren arloan jauzi kuantitatiboa eta kualitatiboa eman ahal izateko». Ildo horretan, sailburuak Euskadiko Garraio Agintaritzaren (EGA) osoko bilkurarako deia egingo du udazkenean, inplikatutako erakunde-maila guztietako eragile guztiekin proiektuari ekiteko eta legegintzaldi berrian Sailaren ardatz estrategikoak helarazteko.
Bilera Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian egin da, eta sailburuak, halaber, bere saila hiru lurralde historikoetan eraikitzen ari den azpiegitura nagusien egoeraren berri eman die foru diputatuei.
Gipuzkoan, «martxa ona» nabarmendu du, bai Donostian topoaren lurpeko saihesbidea egiteko lanak – udaren bueltan bigarren zatiaren indusketa amaituko da, eta hiru geltokietatik bi ia amaituta daude –, baita Altza-Galtzarabordako lurpeko pasabidea egiteko lanak ere, amaitzean Antxo zatitzen duen biaduktua eraistea ahalbidetuko baitu.
Bizkaian, sailburuak azaldu du metroaren 5. linea eraikitzeko lanak aurrera doazela Etxebarri eta Usansoloko ospitalea lotzeko. 6,6 kilometroko ibilbideak bost geltoki izango ditu, eta lehen zatian lineako tunela zulatzen hasteko euskarriak eta hirugarrenean lineako tunelera iristeko balioko duten erasoko arrapalak prestatzen ari dira. Bizkaiko hiriburuan, tranbia Zorrotzaurrera zabaltzeko lanean ari dira.
Bestalde, Araban, sailburuak nabarmendu du Vitoria-Gasteizko tranbia Zabalgana auzora zabalduko dela laster, eta horren informazio-azterlana jendaurrean jarriko dela urte honetako azken hiruhilekoan. Horrez gain, aldiriak Eusko Jaurlaritzara transferituta, aukera berriak irekiko dira, Araba ekialdetik mendebaldera lotuko duten aldiriko zerbitzuak sortuko baitira 2025eko lehen hiruhilekotik aurrera.
Susana García Chuecak gogorarazi du Eusko Jaurlaritza, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, «200 milioi euro baino gehiago» inbertitzen ari dela «trenbide eta tranbia azpiegitura berriak eraikitzeko eta egungoak hobetzeko, herritarrek garraio publiko gehiago eta hobea izan dezaten».
Txartelen elkarreragingarritasuna
Bestalde, lau erakundeek Euskadin garraio publikoen erabilera errazteko egiten ari diren aurrerapena nabarmendu dute, eta, horri esker, pertsonek beren txartelak – Bat, Barik eta Mugi – erabil ditzakete autonomia-erkidego osoko garraiobideetan. Gainera, duela gutxi onartutako Mugikortasun Jasangarriaren Legeak Eusko Legebiltzarrean onartu eta bi urteko epean egitea eskatzen du, 2023ko azarotik indarrean dagoena.
Une honetan, hiru txartelak bi tranbietan (Gasteiz eta Bilbo), Euskotrenen trenbideetan, Metro Bilbaon eta Arabako (Tuvisa), Arabako (Alavabus eta Eskualde-Garraioa) eta Gipuzkoako hiriburuko (dbus) autobusetan erabil daitezke. BizkaiBusen eta BilboBusen Bat txartela sartu da, eta une honetan Mugi txartela sartzeko lanean ari dira. Bat eta Barik Lurraldebusen sartzeari dagokionez, probak egiten ari dira Barik sistemarekin, eta, prozesua amaitutakoan, Bat homologatuko da.
Jon Nogales Arabako Mugikortasun diputatuak bere gain hartu du “Euskadin deskontu progresiboen eredu homogeneo baterantz aurrera egiteko erronka partekatua” eta adierazi du Arabak aurten pauso bat eman duela zentzu horretan, “ohiko erabiltzailea lehenesten duen hobari-sistema batekin”. Arabako Lautadako aldiriko tren-zerbitzuak Araban garraio publikoa bultzatuko duela nabarmendu du Nogalesek, eta ildo horretatik Eusko Jaurlaritzarekin lan egingo duela azpimarratu du, Alavabus eta Eskualdeko Garraioaren eskaintzarekin osatu dadin.
Sonia Perez Ezquerra Bizkaiko foru Aldundiko Garraio diputatuak azpimarratu du oso garrantzitsua dela Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek elkarrekin lan egitea Euskadin garraio sistema jasangarria eta eraginkorra kudeatzeko. Pérez Ezquerraren arabera, erakunde horien arteko lankidetza funtsezkoa da intermodalitate eredu baterantz aurrera egiteko. Bertan, garraiobide bakoitzaren ezaugarri onenak aprobetxatzeko aukera dago, sistema kohesionatu batekin eta egungo gizartearen beharretara egokituta.
Azahara Dominguez Gipuzkoako diputatuak nabarmendu du “elkarrekin egindako lana eta erakundeen arteko koordinazioa, herritarrek eskatzen duten guztiari erantzuteko, hau da, garraio jasangarriago, seguruago eta erosoago bati edo gure sistemen erabateko elkarreragingarritasunari”. Alde horretatik “Gipuzkoan urrats erraldoiak ematen ari gara”, azaldu du, “Mugi sisteman lurralde barruan gero eta zerbitzu gehiago integratuz; horien adibide dira Pasaiako itsasontzia edo lurraldea eta Loiuko aireportua lotzen dituen linea, eta laster egokituko ditugun Bat eta Barik txartelen bidezko ordainketak, baita banku-txartelekin edo Mugi birtualarekin ere egingo direnak. Errealitate izatetik oso gertu dagoen zerbait dira”.