Elkarte edo fundazioek memoria historikoa berreskuratzeko garatzen dituzten proiektuetarako 112.500 euroko laguntza onartu da

0

Eusko Jaurlaritzak bide eman dio gaur memoria historikoa eta demokraziaren eta askatasunaren aldeko borroka, Euskal Autonomia Erkidegoan 1936-1977 aldian, berreskuratzeko, ikertzeko eta zabaltzeko proiektu espezifikoak finantzatzeko deialdiari. Deialdi hau 112.500 eurokoa da, eta memoria historikoan diharduten elkarte eta fundazioek gauzatutako ekimenak sustatzera bideratuta dago.

Laguntza-lerro honetarako eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta proiektu guztiek amaituta egon beharko dute 2024ko abenduaren 31rako.

Behin EHAAn argitaratuta, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak euskadi.eus egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, eta Gogora Institutuaren webgunetik ere eskura daitezke.