Gobernu Kontseiluak, Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburu Mikel Torresek proposatuta, Sartu Taldeari dirulaguntza bat ematea onartu du gaur, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten eta laneratu aurreko egoeran dauden etorkinen erregularizazioa eta laneratzea errazteko ibilbide-proiektua ezartzeko.
W+ proiektua Inkluriorako V. Euskal Planaren 2023-2024 aldirako Plan Operatiboan jasotako ekimen esperimentaletako bat da. Helburua da lan-aurreko egoeran dauden etorkinak gizarteratzen eta laneratzen eta erregularizatzen laguntzea, haien administrazio-egoera gizarte-sustraitzearen prozeduraren bidez erregularizatzeko azken helburuarekin.
Prozedura dirulaguntza zuzenaren bidez egingo da, interes publiko, sozial, ekonomiko eta humanitarioko arrazoiengatik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak baimentzen duen bezala, eta Gobernu Kontseiluaren eskumena da ematea, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen 20/2023 Legearen arabera.
Interes publiko, sozial eta ekonomikoko arrazoiak eta salbuespenezko inguruabarrak aurre egin beharreko erronkaren garrantzian eta izaera estrategiko eta humanitarioan eta erakunde onuradunak proiektua gauzatzeko duen egokitasunean oinarritzen dira.
W+ proiektuak prestakuntzaren, laguntzaren eta enplegagarritasunaren arloetan esku hartzen du, marjinalitate-, pobrezia- eta bazterkeria-egoeretatik irtetea hobetzeko eta errazteko neurriak aktibatuz. Kontuan hartu da, gainera, erregularizazioa ezinbesteko bitartekoa dela laneratzea helburu duen helburua lortzeko, jarduera bikoitz baten bidez: alde batetik, pertsonekin, aurretiko kualifikazioa hobetzeko eta beharrezko gaitasunak eskuratzeko, eta, bestetik, enpresekin, pertsona ezagutzeko eta lan-kontratua egiteko konpromisoa hartzeko. Horrela, prozesu bikoitz horren bidez, pertsonaren gizarteratzea eta laneratzea bultzatuko da.
Dirulaguntza jasoko duen erakundeak, Sartu Taldeak, gizarte-zerbitzuen, gizarteratzearen eta enpleguaren sektorean jarduten du 1988tik, marjinazioaren eta gizarte-bazterketaren aurka borrokatzeko, pertsonen gizarteratzea eta laneratzea erraztuko duten beharrezko aldaketak sustatuz, komunitate integratzaileak eraikitzeko. Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak beharrezkotzat jotzen du proiektu hau garatzea, kontuan hartuta hartzaileen kalteberatasun-egoera eta bazterketa-arriskua.