Eusko Jaurlaritzak milioi bat euro bideratuko ditu hezkuntza-komunitateko elkarteentzat

0
  • Gobernantzari eta parte-hartzeari buruz Hezkuntza Legeak jasotzen dituen alderdiekin lerrokatutako laguntza-programa honek Guraso Elkarteak, Guraso Elkarteen federazioak eta irakaskuntza-kooperatibak finantzatzen ditu.

Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-komunitatea osatzen duten hainbat elkarterentzako laguntzetarako deialdia egiten duen Agindua onartu du Gobernu Kontseiluan, elkarte horiek garatzen dituzten prestakuntza-jarduerak diruz laguntzeko. Hezkuntzako sailburuak 1.033.000 euro biltzen dituen Agindua proposatu du, azken batean, hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea eta hezkuntza-sistemarekiko konpromisoa finantzatzeko.

Deialdia honako hauei zuzenduta dago: Helduen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasleen elkarteei, unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako (Haur Hezkuntzako lehen ziklokoak izan ezik) ikasleen guraso-elkarteei, unibertsitatez kanpoko ikasleen guraso-elkarteen federazio eta konfederazioei, eta unibertsitatez kanpoko ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibei.

Aurreko ekitaldietan, laguntza horiek hiru deialditan banatzen ziren, erakunde hartzailearen arabera. Hurrengo ekitaldirako aginduak aurreko deialdiak bateratzen ditu, helburuaren arabera, eta ez erakunde onuradunen arabera. Ondorioz, Agindu honen bidez honako hauei laguntza emateko deialdia egiten da: Helduen Hezkuntzako (HHE) ikastetxe publikoetako ikasleen elkarteei; unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako (haur-hezkuntzako lehen ziklokoak izan ezik) ikasleen guraso-elkarteei; unibertsitatez kanpoko ikasleen guraso-elkarteen federazioei eta konfederazioei, eta irakaskuntza-kooperatibei.

Guraso Elkarteentzako dirulaguntzak: 650.000 € (150.000 € gehiago emango dira)

Guraso Elkarteen Federazioentzako dirulaguntzak:            350.000 €

Irakaskuntza-kooperatibentzako dirulaguntzak:   33.000 €

Guztira: 1.033.000 €

Gizartearen inplikazioa

EAEko hezkuntza-sistemak, bere helburuak lortzeko, inplikatutako gizarte-sektore guztien parte-hartzea eta konplizitatea behar ditu. Horrela, gurasoek edo legezko tutoreek ikasleen eskola-hezkuntzaren jarraipena egiteko eta horretan parte hartzeko eskubidea dute.

Familien parte-hartze aktibo horrek ematen dio indarra hezkuntza-komunitateari, bai zuzenean, bai hura osatzen duten elkarteen bitartez, eta hezkuntza-komunitateak ikastetxearen jardueran duen inplikazioa areagotzen den heinean, indartu egiten da ikastetxe horren hezkuntza-proiektua.

Alde horretatik, laguntzen deialdi honen helburua familien parte-hartzea eta lankidetza sustatzea da, haien elkarteetan, jarduera osagarriak antola ditzaten. Logikoa denez, jarduera horiek koherenteak izan beharko dute ikastetxearen hezkuntza-proiektuarekin, eta gurasoentzako eta tutoreentzako nahiz ikasleentzako beraientzako prestakuntza-jarduerak txertatu beharko dituzte.

Hezkuntza Sailaren prestakuntza-estrategiarekin bat etorriz, prestakuntza-jarduerak, ikuspegi inklusibo eta hezkidetzaile batetik, ikasleen osasun emozionala eta bizikidetza positiboa hobetzera, kirol-jardueran nahiz aisialdian euskararen erabilera sustatzera, hezkuntza-komunitateko pertsona guztien gaitasun digitala hobetzera eta eskola-komunitateko kide guztiak motibatzera bideratuko dira, helburu komuna lortzeko, hau da, ikasleen hezkuntza-arrakasta eta arrakasta pertsonala lortzeko.