Hezkuntzak mantendu egin ditu LHn hizkuntzen ikaskuntza indartzeko laguntzak

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2024-2025 ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetan atzerriko hizkuntza indartzeko ikastaroak egiteko dirulaguntzak jasotzeko deialdia egiten duen Agindua.

100.000 euroko inbertsioarekin, deialdi horren bidez Lanbide Heziketako zikloetako ikasleei atzerriko hizkuntzako ikastaroak emateko —ikastetxean bertan eta eskola-orduetatik kanpo— dirulaguntzak eskaintzen dira. Ikastaro horiek gutxienez 60 ordukoak eta gehienez 100 ordukoak izan beharko dute. Gainera, ikastetxe bertako irakasleek eman beharko dituzte. Deialdi honen bidez diruz lagundu daitekeen talde bat eratzeko, gutxienez 6 ikasle beharko dira, eta gehienez 20, hizkuntza bakoitzeko (modalitate presentzialean). Ikastaroak antolatzen dituzten itunpeko ikastetxeetan matrikulatutako erdi-mailako eta goi-mailako zikloetako ikasleek parte hartu ahal izango dute.

Hizkuntzen ezagutza funtsezkoa da ikasleen enplegagarritasun- eta mugikortasun-mailak hobetzeko; izan ere, nazioarteko merkatuetan jarduteko gai diren gero eta profesional gehiago eskatzen dituzte enpresek.

Dokumentazioa elektronikoki aurkeztu beharko da helbide honetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabeteko epean: https://www.euskadi.eus/servicios/0097513.