Milioi bat euro inguru euskarazko ikasmateriala sortzeko

0

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntzako sailburuak proposatutakoari jarraituz, unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-mailetan euskarazko ikasmaterialak ekoizteko laguntzetarako deialdia egiten duen Agindua onartu du gaurko bileran (EIMA deialdia). Deialdi horrek 985.000 euroko zenbateko ekonomikoa du.

EIMA deialdiak hiru modalitatetan euskarazko ikasmaterialak sortzeko dirulaguntzak ematen ditu:

EIMA 1: material didaktiko inprimatuen edizio-kostuetarako. 500.000 euro

EIMA 2.0: euskarazko material didaktiko digitaletarako. 400.000 euro

EIMA 4: material didaktiko inprimatua sortzeko. 85.000 euro

Deialdi honek diruz laguntzen ditu euskara hutsean sortu eta egindako material didaktikoak. Hala ere, salbuespen gisa, eta bakoitzaren ezaugarrien arabera, euskarazko eta gaztelaniazko ikasmaterialek —hala nola A ereduan euskara irakasteko metodoek, hiztegi elebidunek edo eleaniztunek— ere jaso ahal izango dute deialdi honen bidez ematen den laguntza. EIMA 1 modalitateak itzulpenak eta egokitzapenak ere jasotzen ditu.

Eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/agrupacion_servicios/2024/eima/y22-izapide/es. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, laguntza-lerroaren Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.