Osasun sailak jarduera fisikoa sustatzeko eta eskola-umeen sedentarismoa murrizteko laguntzen deialdia egin du

0
  • Helburua, txiki-txikitatik ariketak osasunean duen eragin onuragarriari buruzko kontzientzia-maila handitzea da 

Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio Osasuneko sailburu Alberto Martínezen Aginduari. Agindu horren bidez, Euskadiko elkarte eta kooperatibei 2024-2025 ikasturtean jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa murrizteko partaidetza-proiektuak garatzeko ematen zaizkien dirulaguntzen deialdia egin da, ikasleen osasuna eta autonomia hobetzeko.

Eskola-ingurunean jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoa murriztea da Osasun Sailaren ildo estrategikoetako bat, 2030eko Osasun Planean esplizituki jasotzen dena, jarduera fisikoak osasunaren mesedetan duen garrantziari (fisikoa zein psikikoa) eta memoria eta errendimendu akademikoa hobetzeko edo pertsonen arteko harremanak bultzatzeko duen ahalmenari buruzko kontzientziazio-maila txiki-txikitatik handitzeko duen gaitasunagatik.

Laguntzak 300.000 eurokoak dira, eta Ikasleen Gurasoen Elkarteei (IGE) eta Euskadiko Irakaskuntza Kooperatibei irekita daude, honako hauek finantzatzeko:

  • Eskola-bideak sortzeko eta dinamizatzeko proiektu parte-hartzaileak, hiri-espazioek joan-etorri aktibo eta seguruetarako eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzera bideratuak.
  • Parte hartzeko ekimenak, eskolako jolastokiak ikasteko, jolasteko eta mugitzeko espazio inklusibo bihurtzeko eta/edo dinamizatzeko, bai eta kalitatezko harremanak eta esperientziak eraikitzeko ere, bai eskola-orduetan, bai eskola-orduetatik kanpo, berdintasunean eta aniztasunarekiko errespetuan oinarrituta (kulturala, etnikoa, etikoa, sexuala, funtzionala eta bestelakoak), eta ikasleen eta haien familien beharretara eta interesetara egokituta.
  • Familiako jarduera fisikoaren praktika erregularra sustatzera bideratutako jarduerak, hala nola mendira egindako txangoak, bizikletaz egindako irteerak, paseoak patinetan edo familian egindako jolas-jarduerak, besteak beste.

Eskabideak telematikoki bakarrik aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.