Aste Nagusirako segurtasun-dispositiboa koordinatu da

0
binary comment

Poliziaren presentzia areagotuko da kaleetan, jai-ekitaldietara joaten direnen segurtasuna bermatzeko eta edozein delitu-ekintza prebenitzeko, bereziki eraso sexistak.

Segurtasuneko sailburuak, Bingen Zupiria, eta Donostiako alkateak, Eneko Goia, Segurtasuna Koordinatzeko Batzordearen bilera burutu dute gaur goizean, eta bertan, ohiko Artillero eta Kanoikadarekin abuztuaren 10ean hasiko den datorren Aste Nagusirako segurtasun-dispositiboaren xehetasunak itxi dira.

Bileran izan dira, Segurtasuneko sailburuordea, Rodrigo Gartzia, Herritarren Segurtasuneko, Suhiltzaileetako eta Babes Zibileko zinegotzia, Martín Ibabe, Ertzaintzako burua Josu Bujanda, Udaltzaingoko zuzendaria Jon Udakiola eta beste polizia-agintari batzuk.

Koordinazio Batzordeak Donostiako Aste Nagusirako aurreikusitako operatibo berezia errepasatu du. Bertan, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak presentzia areagotuko dute kalean bertan, batez ere jende gehien biltzen den eremuetan, hala nola Alde Zaharrean, Gros auzoan eta hiriaren erdigunean, azken urteetan egin ohi den bezala, patruila bateratuekin.

Bi poliziek arreta berezia jarriko dute delitu ohikoenen prebentzioan, hala nola, ebasketa txikiak eta telefono mugikorren lapurretak edo alkoholaren eta drogen kontsumoaren ondoriozko jokabideekin lotutakoak. Era berean, eraso eta abusu sexistak prebenitzen lagunduko dute, gaueko zaintza indartuz, jaietako jarduerez gozatu ondoren etxera itzultzeko orduan herritarrei babes handiagoa eskaintzeko.

Donostiako Udaleko Segurtasuneko zinegotzi Martín Ibabek nabarmendu duenez, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak «beren zerbitzuak indartuko dituzte Donostiako Aste Nagusian, ahalik eta ordu eta eremu gehien betetzeko, bai jai-esparruetan, bai jende gehien biltzen den lekuetan». Ibabek adierazi duenez, bi segurtasun indarrek «esperientzia handia dute elkarrekin eta koordinatuta lan egiten jaiegunetako operatiboei begira», eta zaintza areagotuko dela adierazi du, bai kalean bertan dauden patruilekin, bai baliabide operatiboekin, nahi ez diren egoerak murrizteko. Ibabek «arreta handiz» jokatzeko deia egin du, jende asko biltzen den guneetan lapurretak egiten direnean, eta Zurriola pasealekuan, Boulevardean eta Alderdiederreko lorategietan dauden puntu mugikorretan edozein egoera salatzeko eskatu die herritarrei.

Bestalde, Josu Bujanda ertzainburuak azpimarratu du garrantzitsua dela Ertzaintzak eta Udaltzaingoak dispositiboa elkarrekin planifikatzea, eskura dauden baliabide guztiak koordinatzeko. Era berean, nabarmendu du herritarren laguntza funtsezkoa izango dela bai prebentzio-lanetan, bai bi polizien berehalako jarduketan. Bujandak, halaber, Donostiako Aste Nagusian izan daitezkeen legez kanpoko delitu eta jarrerak salatzeko eskatu die herritarrei.