Euskalmeten arabera, uztaila oso lehorra eta beroa izan da

0
PRUEBA
  • Tenperaturetan erregistratu diren balioak iazkoen antzekoak dira

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, uztaila hilabete lehorra izan da itsasertzeko eskualdeetan eta oso lerroa barrualdekoetan, eta batez besteko tenperatura beroak izan ditu. Mende honetako zortzigarren uztail beroena izan da (2005ekoa dago buruan), eta balioak iazkoaren antzekoak izan dira.

Euskalmeten arabera, uztaileko batez besteko tenperaturak beroak izan dira. Itsasertzean 20-21 ºC ingurukoak izan dira eta Arabako Lautadan 20 ºC-ra hurbildu dira, 1991-2020ko batez besteko normala baino 0,7 ºC gehiago, gutxi gorabehera.

Balio baxuenak hileko lehenengo astean erregistratu ziren, eta batez besteko minimoak 11 eta 13 ºC artekoak izan ziren. Zehazki, minimo absolutuak hilaren 3an erregistratu ziren, eta 5 ºC-ren bueltan ibili ziren Añanan eta Arabako Mendialdean (Pagoeta 4.7 ºC, Albaina 5.6 ºC, Subijana 6 ºC eta Tobillas 6 ºC). Era berean, adierazi behar da hilaren 7an erregistratutako tenperaturak 10 ºC-tik beherakoak izan zirela Arabako ia probintzia osoan, eta kostaldean ozta-ozta gainditu zituztela 12-13 ºC-ak.

Balio altuenei dagokienez, Euskadiko tenperatura maximoen batez bestekoa 32 ºC-tik gorakoa izan zen hilaren 28tik 30era bitartean, eta hilaren 31n 30 ºC-ra hurbildu zen. Ondorioz, egoera horrekin iritsi ziren beroarekin lotutako udako lehenengo abisuak. Bero-boladaren unerik biziena hilaren 29an izan zen, Kantauriko haranetako hainbat tokitan 40 ºC-ko balioak erregistratu baitziren (Orozko 39.7 ºC, San Prudentzio 39.6, Balmaseda 39.6, Zalla 39.2, Berna 39.1, Mañaria 39 eta Saratxo 39).

Ebroren ardatza izan zen bero-bolada gehien jasan zuen eremua, eta han hilaren 31ra arte luzatu zen (Páganos 37.7 ºC, Moreda 37.5 eta Zambrana 37.4). Deigarriak dira, bestalde, tenperatura minimo altuak ere, bolada osoan ez baitziren 20 ºC-tik jaitsi kostaldean eta Arabako Errioxan, eta egoera hori bera gertatu zen, besteak beste, Bilboko metropoliaren inguruan ere (Páganos 23.7 ºC, Moreda 23.7, Higer 22.6 eta Galindo 22.3). Horri guztiari gehitu behar zaio Ipar Afrikako aire-masak zeraman hauts-esekiak eta hezetasun erlatibo altuak sargori sentsazioa areagotu zutela, bereziki isurialde kantauriarrean.

Tenperatura horiekin batera izan den intsolazioa batez besteko klimatologikotik gertu ibili da orokorrean. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 197 eguzki-ordu izan zituen, Donostiak 186 eta Gasteizek 250.

Prezipitazioei dagokienez, hileko metatuen banaketa espaziala ez da gehiegi urruntzen ohikotik, baina balioak motz geratu dira, barnealdean % 50etik beherakoak baitaude. Baliorik altuenak erregistratu ziren Gipuzkoako ipar-ekialdean, eta estazio bakarrean gainditu ziren 100 l/m²-ak (Eskas 131.4, Berastegi 69.7 eta Ameraun 65.8) eta kostaldean (Miramon 90.1, Aizarnazabal 65.2, Oiartzun 50.7 eta Matxinbenta 45.9).

Aldiz, metatu txikienak erregistratu ziren Euskadiko mendebaldeko eskualdeetan, Añanan, Arabako Kantaurialdean eta Enkarterrin, bai eta Arabako Errioxan ere, eta estazio batzuk 10 l/m²-tik behera geratu ziren (Páganos 2.7, Tobillas 3.1, Areta 3.1, Zambrana 5.5 eta Sodupe 9).

Muturreko meteorologiari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak 15 abisu hori aktibatu zituen, horietako gehienak bi bero-boladarekin lotuta; lehenengoa hilaren 18an eta 19an Ebroren ardatzerako eta bigarrena 29-31ra bitartean, lurralde osorako orokorra. Gainera, bigarren bero-bolada horretan alerta laranja bana aktibatu behar izan zituen hilaren 29an eta 30ean muturreko tenperatura altuengatik eta tenperatura altu iraunkorrengatik, hurrenez hurren.