Athleticek EH Txapela irabazi du

0

Lehoiek bere hirugarren garaikurra eskuratu dute merezimendu osoz Osasunari 2-1 irabazita

Udako bere bosgarren partidan, Athletic Clubek EH Txapela irabazi zuen, 2018an eta 2022an ere altxatutako garaikurra. Horrela, txapelketako talderik sarituena da. Lehoiek 2-1 gainditu zuten Club Atletico Osasuna. Alvaro Djalok eta Iñaki Williamsek sartutako gol ederrek Ruben Garciak nafarrentzat egindakoa nahikoa ez izatea egin zuten.

Neurketako aukera gehienak zuri-gorriaentzat izan ziren. Djaló gogotsu agertu zen hasieratik eta bere jokaldiak erabakigarriak izan ziren partidaren bilakaeran. Aurkariaren arean zenbait abisu eman ondoren, fitxaketak gol ikusgarria lortu zuen, Pradosek behetik jarritako baten ondoren. Dagoeneko bi gol daramatza. Hala ere, pozak gutxi iraun zuen, Ruben Garciak balantza orekatu zuelako jarraian, Aresoren bidalketa zehatza buruz errematatuz.

Atsedenaldia markagailua berdinduta zegoela iritsi zen, baina Ernesto Valverdek aulkitik zuzendutako futbolariak nagusi izaten eta abaguneak pilatuz jarraitzen zuten. Horietako batean, Williamsek Djaloren pasea jaso zuen area ertzean eta, exekuzio bikain batekin, baloia eskuadra berean jarri zuen. Iñakik ere bi aldiz zulatu du arerioen atea orain arte. Nahiz eta errenta handiagoa ere izan zitekeen, gol bateko aldearekin soilik amaitu zen norgehiagoka. Oro har, bilbotarrek lan bikaina osatu zuten eta datorren astean Aston Villaren eta Sttutgarten aurka etxetik kanpo beste bi lagunarteko jokatuko dituzte laster iritsiko den liga hasierari begira xehetasunak lantzen jarraitzeko.