Lehoiek garaipenarekin ekin diote denboraldiaurreari

0

Athletic Clubek 1-0 irabazi dio SD Eibarri Tafallan, udako lehen testean

Lehoiek ondo hasi dute denboraldiaurrea SD Eibarri justiziaz gailenduta. Zuri-gorrien gola Oihane San Martin 19 urtez azpiko Europako txapeldunak sinatu du. Partida Tafallako San Francisco zelaian jokatu da, Mulier FCMren hamargarren urteurrena dela eta.

Bi taldeei kosta egin zitzaien zelaian eroso egotea eta partida berdindua izan zen, armaginek Sanadri eta Azkona ondo zainduta. Ez zen abagune argirik izan, harik eta Oihane San Martinek area ertzean baloia sare barrura bidali zuen arte, buelta erdian jaurtiketa bat eginez. Duela bi aste Europako titulua lortu zuen gazte nafarrak markagailua ireki zuen Athleticen mesedetan. Aukera handirik gabe, Gararen erdiraketa bat eta Estefaren jaurtiketa indartsua izan ezik, lehoiak alde txiki horrekin joan ziren aldageletara.

David Aznarrek hamaikakoa erabat aldatu zuen hurrengo 45 minutuei aurre egiteko. Leire Baños zuri-gorrien fitxaketa berria ikusi ahal izan zen zelai erdian bere presentzia erakusten. Eider Aranak, Athleticek utzitako SD Eibarreko erdiko atzelariak, korner batean egin zuen errematea, gipuzkoarren abisu bakanetako batean. Azken txanpan, bigarren taldeko Moralesek Yeray Martinen jokalarien aukerarik onena izan zuen.

Bestalde, Athletic, Zugasti eta Vilariñorekin, punta-erdian Nahikarik lagunduta, Mirallesen ate inguruan ibili zen. Urnietakoa 2-0ekoa ezartzetik oso gertu egon zen partida amaierara iristen ari zenean. Elexpuruk partidako azken aukera erdietsi zuen aurrealdetik egindako jaurtiketa batekin.

AthleticeN garaipena San Franciscon, sentsazio onekin eta aurretik lan asko egiteke irailean txapelketa modu ofizialean hasi aurretik. Datorren asteartean, Athletic eta Atletico Madrid aurrez aurre izango dira Aranda de Dueron.