Loiolako Kuartelen salerosketarako sinatutako hitzarmena aldi baterako etetea onartu da

0
binary comment

Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako beste gai batzuk: Añorgako Geltokia, Okendoko aparkalekua, bidegorrien konponketa

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du, Loiolako Kuartelen salerosketa egiteko Udala eta Defentsa Ministerioaren arteko hitzarmena aldi baterako etetea. Hitzarmena 2023ko abenduaren 18an sinatu zuten, eta abuztuaren 18an amaituko da lur-sailaren salerosketaren eskriturak sinatzeko epea.

Donostiako alkate Eneko Goiak honaoka esan du: “Hitzarmena aldi baterako eteteak ez du lur-sailen salerosketa baldintzatzen. Izan ere, salerosketa egiteko tramiteei berriro ekingo diegu, behin Kostaldeko Lurralde Zerbitzuak mugatze lerroa 20 metrotan ezarteko Udalaren, Defentsa Ministerioaren eta URA Uraren Euskal Agentziaren aldegazioak erantzuten dituenean”.

Halaber, eteteak indarrean jarraituko du Asociación por la Reconciliación y la Verdad Histórica elkarteak hitzarmenaren aurka jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren edukia jakin arte.

Behin bi gai horiek argituta, Donostiako Udalak hilabeteko epea izango du 2023ko abenduaren 18ko Hitzarmena sinatu zuen beste aldeari, salerosketarekin jarraitu nahi duen ala ez adierazteko.

Añorgako Geltokia

Tokiko Gobernu Batzarrak behin betiko onartu du Añorgako Geltokia azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia.

Dokumentuaren xede nagusienak hauek dira:

  • Añorga Txiki hirigunean integratutako bizitegi-garapen berriaren aurreikuspena,
  • eremuaren zuzkidurak birkualifikatzea,
  • ekipamendu berriak antolatuz, hirigunearentzako harreman-plaza batekin,
  • Añorgako erreka aire zabalean irekitzea gaur egun lurperatuta dagoen zatian,
  • Euskotrenen geltokia Añorga Txikira hurbildu eta integratzea.

Eremu honetan 248 etxebizitza garatuko dira, haietatik, 46 gizarte babesekoak, beste 46 etxebizitza babestu tasatuak, eta 156 etxebizitza libre.

Okendo aparkalekua

Tokiko Gobernu Batzarrak Okendoko lur azpiko aparkalekua handitu eta ustiatzeko administrazio-emakidaren kontratuaren laugarren aldaketa onartu du. Aldaketa horren helburua da:

  • lehenengo solairuan autoentzako dauden 38 aparkaleku plazetan 140 bizikleta, motor eta ziklomotorrentzako plaza perimetratuak jartzea
  • herritarrentzako abonu eta tarifa berriak sortzea
  • ekainetik irailera bitarteko tarifak egokitzea, trafiko orokorra murrizteko
  • ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak ezartzea bertakoen aparkalekuetan zein txandakatzekoetan.

Bidegorriak konpontzea

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Asfaltia, SL-ri esleitzea 2022ko bidegorrietako zoladurak konpontzeko proiektuaren obra-kontratua, 3 hilabeteko egikaritze-epearekin eta 459.064 euroko aurrekontuarekin.

Proiektuaren jatorria 2021ean gauzatutako 2022-2023ko Partaidetzazko Aurrekontuen prozesuan dago. Prozesu horretan, hiriko bizikletentzako ibilbideak hobetzeko hiru proposamen aurkeztu ziren:

  • Antiguo: Ondarreta – Unibertsitateak ardatza
  • Erdialdea: Amara – Erdigunea ardatza
  • Egia: Gros – Amara ardatza

Proiektuak, eskatutako eremuak sartzeaz gain, hiru proposamenetan zehazten ez diren baina aipatutako ardatzen antzeko egoeran dauden ibilbide gehiago berritzeko eta hobetzeko aprobetxatzen du, eta, beraz, guztira 17 tarte konponduko dira.