Iraileko hiru larunbatetan eta urriko lehen larunbatean izango dira. Doakoak dira, baina izena eman beharra dago
Aurten ere, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Sailak programa hau jarri du abian, altxamendu militar frankistan gure hirian gertatutakoaren berri emateko.
Cristina Lagé Aniztasuneko, Inklusioko eta Berdintasuneko zinegotziak adierazi duenez, «Gerra zibilaren hondamendiak zuzenean edo zeharka sufritu zituzten pertsona guztiei egindako omenaldi bat dira bisitak, eta gure historian kapitulu triste baten protatonista izan ziren lekuak eta pertsonaiak gogoan izaten lagunduko digute.»
Hala, bi antzezlek (emakume bat eta gizon bat) garai hartan donostiarrek bizi izandako uneak kontatuko eta antzeztuko dizkigute; 1936ko uztailaren 18tik, Errepublikaren aurkako matxinada militarraren egunetik, Donostia frankisten eskuetan erori arte.
Ibilbide dramatizatuari buruzko informazioa
Ibilbidea doakoa da, Easo plazan hasiko da eta, San Jose ikastetxea, Askatasunaren hiribidea eta Okendo plaza bisitatu ostean, Zurriolako zubiaren inguruan amaituko da. Bisitak irailaren 7an, 14an eta 28an egingo dira eta urriaren 5ean, denak larunbatez. Egunean bi saio izango dira, bata 12:00etan eta bestea 18:00etan. Irailaren 7an eta urriaren 5ean ibilbidea euskaraz izango da, eta irailaren 14an eta 28an, gaztelaniaz.
Ibilbide hori Easo plazako kioskotik abiatuko da, eta ordubete eta 30 minutu iraungo du. Funtzio bakoitzean, 20 lagunek parte hartu ahal izango dute, eta izena ematea nahitaezkoa izango da.