Bilboko Udalak segurtasuneko operatibo berezi bat planifikatu du Aste Nagusirako

0
  • Udaltzaingoak eta Ertzaintzak baterako segurtasun-operatibo koordinatu baten azken xehetasunak adostu dituzte gaur goizean: indartu egin dituzte segurtasuna eta zaintza, bai jai-esparruen barruan eta kanpoan, eta lehentasuna eman diote sexu-erasoak prebenitzeari.
  • Dispositiboak kontuan hartzen du, baita ere, ebasketak eta indarkeriaz egindako lapurretak prebenitzea eta haien aurrean jardutea, bide-segurtasuna indartzea eta elikagaien segurtasuna kontrolatzea.

Bilbo aurtengo Aste Nagusia bizitzeko prestatzen ari da, abuztuaren 17tik aurrera.

Horretarako, Bilboko Udalak segurtasun-operatibo garrantzitsu bat prestatu du. Haren xehetasunak gaur goizean bertan aztertu dituzte Udaltzaingoko eta Ertzaintzako agintariek Segurtasunaren Koordinazio Batzordean.   Juan Mari Aburto Bilboko alkatea buru duen batzorde honetan, besteak beste, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua eta Amaia Arregi Bilboko Udaleko Segurtasuneko zinegotzia egon dira.

Oro har, baterako segurtasun-operatibo koordinatu bat diseinatu dute, Bilbo osoan zabalduko dena, funtsezko bi kontutan oinarrituta: segurtasuna bermatzea eta prebentzioan eragitea.

Agenteen plangintza koordinatua, eta erabakiak etengabe hartzea ere aurreikusten du dispositiboak, operatiboa unean-unean egokitu ahal izateko Aste Nagusiaren beharrizanetara.

Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren agenteak uri osoan zehar ibiliko dira, egunaren 24 orduetan, kaleko jantzita zein uniformearekin, eta arreta berezia jarriko dute jende gehien pilatzen den tokietan. Hala nola, honako hauetan: Areatza, Plaza Biribila, Zazpi Kaleak, Erkoreka plaza, Campo Volantin eta inguruak, Etxebarria parkeko barrakak, Abandoibarra eta Europa parkeko kontzertu-guneak, Casilda Iturrizar parkea -bertan egongo baita Txikigunea-, Indautxu plaza, Moyua plaza…

Oro har, jende asko batzen da leku horietan eta, horregatik, agenteak patruilatzen ibiliko dira, delituak prebenitzeko eta egindako delituei erantzuteko –batez ere, ebasketak izaten dira–. 2023ko Aste Nagusian, salatutako 1.766 delitu-egintzetatik ia % 75 (1.320) ebasketak izan ziren, gehienbat diru-zorroak eta mugikorrak. Datu horiek Udaltzaingoak eta Ertzaintzak batera emandakoak dira. Gainera, Ertzaintzak kontrolguneak ezarriko ditu jende asko biltzen den eremu horietara sartzeko, ibilgailuak igaro ez daitezen eta armaren bat edo objektu arriskutsuren bat eraman dezaketen pertsonen sarbidea eragozteko.

Nabarmendu nahi dugu ebasketen kasuan komisariatik kanpo ere jarri ahal izango direla salaketak. Horrelakoetan eta bestelako delitu arinetan –egile ezezagunak eragindako kalteak eta lapurretak–, esku hartzen duten udaltzainek delitua gertatu den lekuan artatuko dituzte biktimak, salaketa-akta aldean daramate-eta. Era berean, horrelako salaketak jarri ahal izango dira Udaletxeko ertzain-etxean gaitutako Salaketak Biltzeko Zerbitzu Berezian.

ERASO SEXISTAK PREBENITZEA

Operatibo honek garrantzi bereizia emango die eraso sexisten prebentzioari eta haien aurka jarduteari. Horiek horrela, handitu egingo da kaleko jantzita doazen, eta jai-gunearen barruan eta kanpoan erasoak prebenitzeko eta horiei berehala erantzuteko lanak egiten dituzten agenteen kopurua; gainera, bideozaintza ezarriko da, neurri pasibo gisa, eta erakunde arteko protokolo guztiak aktibatuko dira, beharrezkoa denean.

Iaz sexu-askatasunaren aurkako hemeretzi delitu gertatu ziren, gehienak ukitzeengatik. Hamaika pertsona atxilotu ziren delitu horiengatik.

Aipatzekoa da Bilboko Udalak, aurten ere, kanpaina espezifiko bat jarriko duela abian, «Aste Nagusian zurekin gaude» izenekoa, herritarrak anima daitezen Erastop aplikazioa deskargatzera.

Ekimen hori eraso sexisten aurkako prebentziorako eta sentsibilizaziorako udal estrategiaren barruan dago, zeinak herritarrak inplikatu nahi baititu, errespetuan eta askatasunean oinarritutako jokabideak eta harremanak sustatzeko eta indarkeria matxista desagerrarazten laguntzeko. Estrategia horren leloa «Errespetu Nagusia» da.

Horiek horrela, Erastop helburu hori lortzeko beste tresna bat da. Izan ere, aplikazio hori hiru gauzatarako erabil daiteke:

  • Udaltzaingora seinale bat bidaltzeko, berehala, eraso bat jasaten ari garenean edo eraso bat jasateko mehatxua hurbil sentitzen dugunean.
  • Eraso baten lekuko bagara, alarma bat bidaltzeko.
  • Gure agendako kontaktu bati ibilbide batean zehar modu birtualean eta denbora errealean lagun egiteko eskatzeko.

Orain arte, 32.800 lagun inguruk deskargatu dute aplikazioa.

Iaz bezala, aurrez aurreko arretarako zerbitzu espezifiko bat planifikatu eta diseinatu da Udaltzaingoaren udaletxeko bulegoetan (Udaletxeko Ikuskaritza), 22:00etatik 06:00etara, lehen harrera eta arreta emateko indarkeria matxistaren biktimei, bereziki kalteberak diren pertsonei, eta gorroto arrazista, xenofoboa, ijitoen aurkakoa eta LGTBIfobikoa izan daitezkeen delitu edo gertakarien biktimei. Udalak emandako zerbitzua indartuko da horrela, jaietan gerta daitezkeen gorroto arrazista, xenofobo, ijitoen aurkako eta LGTBIQ+fobikoko gertakarien aurrean aholkularitza emateko eta jarduteko protokoloaren testuinguruan, Berdintasun eta Gizarte Ekintza sailekin koordinatuta.

Gainera, Aste Nagusiaren aurreko edizioan bezala, Udalak PUNTU MOREAK izango ditu jende gehien biltzen den kontzertu-espazioetan, hala nola Abandoibarra eta Europa Parkea, Plaza Barria, Casilda Iturrizar parkeko Pergola, eta Plaza Biribila.  Eraso sexistei buruzko eta gorroto arrazista, xenofobo, ijitoen aurkako eta LGTBIQ+fobikoko gertakariei buruzko prestakuntza jaso duten pertsonek arreta, laguntza eta laguntza eskainiko dizkiete behar duten pertsonei.

BIDE-SEGURTASUNA. KONTROLAK INDARTZEA

Pertsonen babesa da segurtasun-dispositiboaren beste lehentasunetako bat: bilatuko da pertsonen osotasun fisikoa mehatxatzen duten arriskuak saihestea edo txikiagotzea, bide-segurtasuna ere kontuan izanik. Beraz, beste urte batez, indartu egingo dira alkoholemiaren eta droga-kontsumoaren alorreko prebentzio-kontrolak.

Ildo horretan, Udaltzaingoak kontrolak planifikatu ditu, goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan, uriko zenbait tokitan. Ertzaintzak gauza bera egingo du urira sartzeko hainbat puntutan. Horren guztiaren xedea da herritarrak kontzientziatzea gidatzerakoan alkohola eta drogak ez hartzeak duen garrantziaz; alegia, tasa seguru bakarra % 0,0 dela ikusaraztea.

Alkohola eta drogak kontsumitzeak, istripuak gertatzeko arriskua areagotu ez ezik, heriotza-tasa handiagoa ere badakar, oso eragin estua duelako jasaten diren lesioek pronostiko larriagoa izatearekin.

2023an, ia 940 alkoholemia-proba egin ziren hainbat kontroletan, eta soilik 11 izan ziren positiboak. Gainera, estupefazienteen 125 proba egin ziren (6 positibo).

32 zirkulazio-istripu jazo ziren azken Aste Nagusian (hogeita bi talka kalte materialekin, hamar talka larritasun txikiko zaurituekin, eta bi harrapaketa).

ELIKAGAIEN SEGURTASUNA

Udaltzaingoak legez kanpoko kaleko salmenta ere kontrolatuko du. Ezin da posturik jarri udal baimenik gabe; ez daude baimenduta, ezta ere, ebakuazio-bideak oztopatzen dituztenak edo herritarren segurtasuna eragozten dutenak.

2023ko edizioan, inolako osasun-kontrolik gabe saltzen ari ziren 22 kilo elikagai konfiskatu zituzten udaltzainek.Horrez gain, beste produktu batzuen 14 kilo konfiskatu ziren: tabakoa, piroteknia, artisautzako artikuluak…

GALDUTAKO ETA AURKITUTAKO OBJEKTUEN ZERBITZU BEREZIA

Udaltzaingoaren Udaletxeko Ikuskaritzan Galdutako eta Aurkitutako Objektuen Zerbitzu Berezia jarriko da martxan berriro ere, jaietan zehar galtzen diren gauzak jabeei ahalik eta lasterren itzuli ahal izateko (diru-zorroak, giltzak eta/edo mugikorrak, batez ere).

Zerbitzu hori 24 orduz egongo da zabalik Aste Nagusi osoan (telefonoa: 94 420 49 81), eta lau pertsonek emango dute, abuztuaren 17ko (larunbata) 18:00etatik igandeko 24:00etara.Galdutako gauzak —funtsean, dokumentazio pertsonala— berreskuratzeko denbora murriztu nahi da zerbitzu horren bitartez.

Aurrez aurreko eta telefono bidezko arreta-zerbitzu berezi hori arduratuko da aurkitutako objektu eta/edo dokumentuen jabeak topatzeaz eta aurkitutakoa beraiei entregatzeaz.

Zerbitzu hori arduratuko da, halaber, interesdunen salaketak jasotzeaz eta izapidetzeaz, diru-zorroak, dokumentazioa, telefono mugikorrak eta bestelako objektuak ebatsiz gero.

Galdutako objektuari buruzko informazioa eskatuko zaio interesdunari; telefono mugikorren kasuan, ezinbestekoa izango da IMEIa ematea.

Herritarren laguntza eskatzen da, galdutako objektuak aurkitu bezain laster bulego horretara eraman ditzaten –objektuak azkar aurkitu eta jabeekin berehala harremanetan jarriz gero, aukera gehiago dago galdutako objektuak itzuli ahal izateko–.

Herritarrek aurkitzen dituzten objektuak Udaltzaingoaren edozein patruila uniformaturi entregatu ahal dizkiote, bai jai-esparruan patruilatzen ari direnei, bai barraketan, kontzertuetan eta abarretan lanean ari direnei.

Bulego horri esker, iaz 421 objektu aurkitu ziren, eta haietatik 126 itzuli zitzaizkien jabeei.

BABES ZIBILA

Osasun-dispositibo garrantzitsua izango du Bilbok, jai-eremu guztiei zerbitzu emango diena eta larrialdiei erantzungo diena. Poliziekin eta suhiltzaileekin koordinatuko da. Hala, Udalak anbulantziak eta osasun-langileak izango ditu Abandon, Casilda Iturrizar parkean, Europa Parkeko eta Abandoibarrako kontzertu-guneetan, eta Etxebarria parkeko barraken esparruan eta inguruetan, barrakak martxan dirauten bitartean. Gainera, azken gune horretan zerbitzua areagotu egingo da su artifizialak bota aurretik, bitartean eta ondoren.

Aste Nagusiaren 9 egunetan (abuztuaren 17tik, larunbata, 25era, igandea), Bilboko Suhiltzaileen Zerbitzuak batez beste 9 zerbitzu prebentibo eta operatibo egingo ditu egunero, ekitaldietan, jai-esparruetan eta barraka-eremuan gerta litezkeen larrialdiei edo arrisku-egoerei aurrea hartzeko.

Horretarako, guardia indartuak izango dira egunero, bai Miribillako Parke nagusian, bai Deustuko zonako Parkean. Batez beste 40 suhiltzaile izango dira. Guardiako dotazio indartu horietan, uretako erreskateko eta urpekaritzako dotazio bat izatea aurreikusi da, itsasadarrean etengabe egongo dena, bi salbamendu-ontzirekin.

Goizetan azterketa operatiboko ekintzak egingo dira, ur-hartuneen erabilgarritasuna, kokapena eta eraginkortasuna aztertzeko, eta beste ebakuazio- eta babes-neurriak aztertuko dira jai-esparruetan eta kontzertuen eremuetan. Arratsaldeetan eta gauetan, Aste Nagusirako programatutako jai- eta kultura-ekitaldi ugarietako prebentzio-zerbitzu operatiboak egingo dira, hau da, musika-kontzertuetan, itsasadarreko jardueretan, ikuskizun piroteknikoetan eta abarretan.

Egunero ikusle gehien biltzen dituen ekitaldia Mallonatik jaurtitzen diren su artifizialak dira. Horretarako prebentzioko dispositibo berezia planifikatu da 21:00etatik aurrera, Itxaropen kalean, Zingira eta Itxaropen kaleak elkartzen diren lekuan, Venezuela plazan, suak jaurtiko diren eremuan eta Mallonako saskibaloi-zelaian, bai eta itsasadarrean ere –Areatzako zubiaren eta Zubizuriren artean–.

Su artifizialen ikuskizunei lotutako segurtasuna bermatzeko eta areagotzeko, Bilboko Udaleko Suteak Itzaltzeko Zerbitzuak zenbait neurri hartuko ditu. Hona hemen:

  • 125 milimetroko kalibreko su artifizialak: jaurtitzen diren lehergailuen karkasek 125 milimetroko kalibrea izango dute gehienez.
  • Gailu piroteknikoak jaurtitzeko eremua urrutiago jarriko da, babes-hesiekin: Mallona atzealdeko belar artifizialezko futbol-zelaitik jaurtiko dira.
  • Droneen aireko kontrola: droneek hegaldiak egingo dituzte, prebentzio gisa, suteak edo puntu beroak antzemateko, suak jaurti bitartean, nahiz jaurti ostean –su artifizialak amaitu eta 30 minutuan zehar, gutxienez–. Informazio guztia bideo bidez jasoko da, artxibatzeko nahiz gorabeherarik izanez gero kontsultatzeko.
  • Suhiltzaileen kamioia Itxaropen kalearen eta Epaltzaren Alargunaren kalearen inguruetan jarriko da.

Zerbitzu horiek guztiak Miribillako Aginte eta Koordinazio Zentro bateratuak koordinatuko ditu, Udaltzaingoarekin, Ertzaintzarekin eta Babes Zibileko teknikariekin batera. Azken horiek ere guardia indartuko dotazioak izango dituzte.

Era berean, Abandoibarrako kontzertuetan zehar, urpekari batzuk kokatuko dira inguruetan. Baita Marijaia erretzen denean ere. Bestalde, larrialdi-zerbitzurako bide bat egongo da itsasadarrean, eskumako ibaiertzean. 20 metro zabal izango da, eta ontziek ezingo dute hura erabili. Balizatuta egongo da, eta ebakuazio- eta larrialdi-kasuetan baino ez da erabiliko. Itsasadarraren kontrola 21:00etatik 01:00etara egingo da, Gurutze Gorriaren, Ertzaintzaren, Guardia Zibilaren eta Bilboko Suhiltzaileen ontzien bidez.