Hezkuntzako sailburuak Etxebarriko Institutuaren eraikin berria bisitatu du

0
  • Bisitaldian, Begoña Pedrosa sailburuak uda honetan 260 ikastetxetan obrak egiten aritzeak dakarren ahalegina nabarmendu du, 86 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa suposatzen duten lanak dira
  • Pedrosak ikastetxe publikoetan azpiegitura eta espazio berrituak izatearen garrantzia azpimarratu du hezkuntza-proiektuen premia pedagogiko berrietara egokitzeko
  • Etxebarriko institutu berriak irailean irekiko ditu ateak, eta DBHko eta Batxilergoko ikasleek 10 milioi eurotik gorako inbertsioa ekarri duten instalazioak estreinatuko dituzte

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Etxebarriko Bigarren Hezkuntzako Institutuaren eraikin berria bisitatu du gaur, irisgarritasunaren eta ingurumen-iraunkortasunaren irizpideen arabera sortua. Proiektuak, gainera, eraikin zaharra eraistea ere jasotzen du. Eraikin horren espazioa zentroaren etorkizuneko kirol-instalazioek hartuko dute.

Berrikuntza- eta hobekuntza-lan horiek 10,7 milioi eurotik gorako inbertsioa eta ia 6.400 metro karratuko eraikuntza dakarte.  Institutuak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bost lerro (20 gela) eta Batxilergoko hiru (6 gela) hartuko ditu datorren irailaren 9tik aurrera. Guztira 621 ikaslek (DBHko 450ek eta Batxilergoko 171k) eta 70 irakaslek estreinatuko dute institutua. Datorren ikasturtean, aurrera jarraituko dute bigarren faseko lanek, eta datorren urteko udaberrian amaitzea aurreikusten da.

Uda, Hezkuntza Sailarentzat, lan handiko garaia da, azpiegiturak eta zerbitzuak egokitzeko, ikasturte berriaren hasiera ikastetxe bakoitzaren eta testuinguru bakoitzaren beharretara egokitutako baldintza egokienetan has dadin. Hala, Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak bere bisitan nabarmendu duenez, konpromiso horrek ahalegin handia eskatzen du eta ahalegin hori areagotu egin da azken asteotan. Egun 260 obra daude martxan Euskadi osoko ikastetxeetan, eta horietatik 50 garrantzi handiko obrak dira. Guztira 79,5 milioi euroko inbertsioa dakarte. Era berean, beste 210 ikastetxetan hobekuntza-obra txikiak egiten dira, 6,5 milioi euroko zenbateko erantsiarekin.

Aurtengo udako jardueren balantze gisa emandako datuez gainera, Pedrosa sailburuak nabarmendu du “ikastetxe publikoetan azpiegitura eta espazio berriak izatearen garrantzia, hezkuntza-proiektuen premia pedagogiko berrietara egokitzeko. Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-eredu koherenteak bultzatzeko apustua egin du. Horrek gure hezkuntza-sistemaren behar eta errealitate berrietara egokitzea dakar». Pedrosak, halaber, ikastetxeetan egiten ari diren lantaldeen erantzunkidetasuna eta lan ona aitortu eta azpimarratu nahi izan du, eta konpromisoa hartu du euskal hezkuntza-eredu propio batean aurrera egiteko, gizartearen eta herriaren erronka berrietara egokituko dena.

Eraikin moderno, irisgarri eta jasangarria

Etxebarriko institutua herriko San Antonio auzoaren goiko aldean dago. “L” forma duen eraikinak beheko solairua eta beste hiru solairu ditu. Irakaskuntzako eraikinaren ondoan, aparteko bolumen batean, gimnasio berria eraikiko da, aldagela eta komunekin.

Obrak bi fasetan egiten ari dira; lehenengo fasean institutu berria eraiki da, egungo eraikina erabiltzen zen bitartean. Bigarren fasean, eraikin berrira lekualdatu ondoren, lehengo eraikina eraitsiko da (irailean egitea aurreikusten da) eta gimnasio berria eta aldagelak eraikitzen hasiko dira orain arte erabili den eraikin hori zegoen lekuan. Bigarren fase horretan, kanpoko jolas-eremua ere osatuko da.

Kanpoko gune zabal bat eratuko da, arkitektura-oztoporik gabeko jolas-eremu bat sortzeko. Gaur egungo kirol-pista estalia mantendu egingo da eta eraikin berriarekin lotuko da bigarren solairuan jarritako pasabide baten bidez, irisgarritasunari eraikineko igogailuarekin erantzuna emanez.

Eraikuntza-soluzioei eta jatorri berriztagarriko energien erabilerari esker, Etxeberri BHIren eraikinak A kalifikazio energetikoa izango du. Instalazio berrien energia-efizientzia ahalbidetzen duten elementuen artean eraikinaren berokuntza-sistema dago. Berokuntza-sistema tenperatura baxuko emisioen bidez egingo da, fatxaden orientazioaren arabera eta gas-errekuntzarik gabe.  Institutu osorako beroa sortzeko, bero-ponpa aerotermikoak instalatu dira eraikinaren estalkian.

Era berean, teilatuan eta hegoaldera begira, plata fotovoltaikoak instalatu dira, argindarraren sorkuntzarako eta autokontsumorako, banaketa-saretik deskonektatuta. Autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak oraindik ere gehiago murriztuko du eraikinaren energia-eskaria, eta energia-kontsumo ia nulua duen eraikintzat har daiteke, beraz.

Eraikinak ohiko segurtasun-, bizigarritasun- eta funtzionaltasun-baldintzak betetzen ditu, eta honela dago banatuta solairuz solairu:

  • Sarrera: Eraikinera sartzeko, portxe estalia duen patioa zeharkatu behar da. Partzelarako sarreraren eta patioaren ondoan, officerako sarrera dago. Gimnasioak eta aldagelek ere sarrera independentea izango dute patiotik, eskola-ordutegitik kanpora ere erabili ahal izan daitezen.
  • Beheko solairua: Administrazio-gunea (zuzendaritza, irakasle-gela, IGE, idazkaritza…), erabilera anitzeko gela, jangela, komunak eta eskailera nagusirako eta igogailurako sarbideak daude bertan.
  • Lehenengo solairua: Batxilergoko gelak eta erabilera komuneko gelak (banaketa-gelak eta musikako eta ikus-entzunezkoetako gelak) daude bertan. Lehenengo solairu horretan daude heziketa bereziko gela, pedagogia terapeutikorako gela eta orientatzailearena ere.
  • Bigarren solairua: Kiroldegi estaliarekin bertatik konektatzen da, atari nagusiaren bidez.
  • Hirugarren solairua: DBHko gelak eta gela komunak (banaketa-gelak, laborategiak eta tailerretarako eta mintegietarako gelak) daude bertan.
  • Sotoa: Zerbitzu orokorrak (instalazioak, garbiketako langileen aldagelak eta biltegia).
  • Estalkien solairua: Gela hidraulikoa eta instalazioak.