Laboral Kutxa taldeak sufritu egin du Frantziako Tourreko Belgikako maldetan

0

LABORAL Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeak egun zaila bizi izan du Frantziako Tourreko laugarren etapan, zortzi aldapa gainditzeko eta euria lagunduta jardunaldi zorrotzean.

Ane Santesteban izan da txirrindulari morerik onena, 40.etik 3:09ra, eta Usoa Ostolaza 7:49ra helmugaratu da, Valkenburgetik Liejara 122,7 kilometroko saioan. Santestebanek azken mendate puntuagarriraino eutsi dio aurreko multzoan, Roche-aux-Fauconseko hormaraino hain zuzen, eta laugarren talde batean iritsi da, hiru minutura. Puck Pietersek (FED) Demi Vollering (SDW) esprintean gainditu du, herbeheretarrak lidergoa sendotu du, Katarzyna Niewiadoma (CSR) hirugarren sailkaturik, tropela erabat apurtuta. Ostolaza lehenago geratu da atzean eta ia zortzi minutura iritsi da buruko taldea harrapatu ezinean.

Berri okerrena, aldiz, Debora Silvestrirena izan da, lasterketa utzi behar izan du-eta italiarrak urdail-hesteetako arazoengatik. Cristina Tonettik, berriz, aurreko jardunaldietan jantzi zuen Mendiko maillota galdu du.

Ibilbidea bihurgunetsua izango da berriz ere osteguneko bosgarren etapan, bost mendate puntuagarrirekin  Bastognetik Amnévilleraino 152,5 kilometroetan.

Hurrengo etapak:

  • Abzutuak 15, osteguna. 5. etapa: Bastogne – Amnéville, 152,5 km. Irteera: 12:05 / Helmuga: 15:48-16:12
  • Abuztuak 16, ostirala. 6. etapa: Remiremont – Morteau, 159,2 km. Irteera: 11:40 / Helmuga: 15:45-16:13
  • Abuztuak 17, larunbata. 7. etapa: Champagnole – Le Grand-Bornand, 166,4 km. Irteera: 10:50 / Helmuga: 15:27-16:02
  • Abuztuak 18, igandea. 8. etapa: Le Grand-Bornand – Alpe d ‘Huez, 149,9 km. Irteera 14:00 / Helmuga: 18:38-19:27

Yurani Blanco, Usoa Ostolaza, Ane Santesteban, Catalina Soto, Cristina Tonetti eta Laura Tomasi dira lehian diren zazpi txirrindulariak, Ion Lazkano eta Peio Goikoetxearen zuzendaritzapean.