- Euskotren Liga igandean amaituko da: Arraun Lagunak taldeko donostiarrak izango dira irabazleak, aurretik lortutako garaipenen ondorioz
- Eusko Label Ligan, Urdaibai buru dela, asteburu batzuk geratzen dira oraindik
Zarauzko bi ikurrinak –emakumezkoena eta gizonezkoena– abuztuaren 17an eta 18an jokatuko dira. Eusko Label Ligan –hots, gizonezkoen lehiaketan–, tripulazioek geratzen den hilabeteko azken faseari begira ekingo diote estropadari. Euskotren Liga –emakumezkoena–, berriz, igandean amaituko da, eta Arraun Lagunak taldeak bertan jasoko du trofeoa.
Jardunaldiak aurkezteko ekitaldia estropada-eremutik hurbil egin da, eta bertan izan dira Zarauzko Arraun Elkarteko presidentea, herriko alkatea, Turismoko zinegotzia, Kiroletako zinegotzia eta Traineru Kluben Elkarteko presidentea.
Zarauzko Ikurrinak ikurrinaren koloreak ditu bi aldeetan, eta eskuz eginda eta xehetasun handiz brodatuta dago. Alkateak adierazi duenez, “Zarauzkoa ez da bandera bat, ezta trapu bat ere; Zarauzkoa Ikurrina da, gure trofeorik preziatuena”.
Zarauzko Ikurrina bi jardunalditan jokatzen da, denboraldiko une erabakigarri batean. Izan ere, Euskotren Liga asteburu horretan amaitzen da, eta Eusko Label Liga, berriz, azken fasean sartzen da Zarauzko Ikurrinaren ondoren. Traineru Kluben Elkarteak eskertu egin dio Zarauzko Udalari emakumezkoen lehiaketa eta gizonezkoena parekatu izana.
Zarauzko XVI. Ikurrinaren lehen jardunaldia hilaren 17an, larunbata, 17:25ean hasiko da, Euskotren Ligako estropadarekin. Ondoren, 18:21ean, Eusko Label Ligako lehen txanda hasiko da.
Hilaren 18an, igandea, probak 11:20an hasiko dira, eta 2024ko Euskotren Ligako azken estropada jokatuko da. Bi txandak amaitu ondoren, Euskotren trofeoa emango zaio Arraun Lagunak taldeari, bigarren urtez jarraian.
Joan den asteburuan Pasai San Pedron egindako estropadetan, garaipena matematikoki ziurtatu zien garaipen kopurua lortu zuten donostiarrek. Nolanahi ere, beste kontu bat izango da zein izango den azken lehiaketa irabazi eta jardunaldiko Ikurrina eramango duen trainerua.
Emakumezkoen lehiaketaren ondoren, gizonezkoen Eusko Label Ligako lehiaketa hasiko da igandeko 12:21´ean, Zarauzko XLVII. Ikurrinaren bigarren jardunaldian.
Fan zone/Zaleen Gunea
Estropadetako Zaleen Gunea Zarauzko Lege Zaharren enparantzan kokatuko da aurten ere. Zarauzko Ikurrinaren jardunaldi bikoitzaren aurretik, bitartean eta ondoren, Eusko Label produktuak eta garagardoak dastatu ahal izango dira. Era berean, Eusko Label eta Euskotren ligetako trofeoekin argazkiak egiteko aukera izango da. Gainera, estropadak ikusteko pantaila erraldoi bat jarriko da.