Laboral Kutxak aurpegi hobea erakutsi du Tourreko bosgarren etapan

0

LABORAL Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeak maila hobetu du Frantziako Tourreko bosgarren etapan, Catalina Soto, 13., Usoa Ostolaza eta Ane Santesteban taldekideekin. Hain zuzen, eguneko bigarren taldea izan da multzo morea.

Etapa bihurgunetsua izan da, bost mendate puntuagarrirekin eta 152,5 kilometro guztira Bastoña eta Amnéville bitartean. Cristina Tonetti saiatu da burua harrapatzen saiakera batean, alferrik ordea. Azken zatian, taldeko liderrek, Santestebanek eta Ostolazak, eta Sotok azken aldapan sufritu dute, helmugatik 13 kilometrora, baina lehen tropeleari eutsi diote.

Lau kilometroren faltan izandako eroriko batek lasterketa hautsi du eta aurretik zazpi txirrindularik ihes egin dute garaipena lehiatzeko; Blanka Vasek (SDW) Niewiadoma (CSR) eta Lippert (MOV) gainditu ditu. Minutu erdira, Soto sartu da, 13. postuan Txileko txirrindularia, baita Ostolaza eta Santesteban ere sailkapen nagusian postuak irabazita bi euskaldunek. Izan ere, taldekako bigarren postua bereganatu dute saioko sailkapenean, Lidl-Trek-en atzetik. Lider berria Niewiadoma da, Demi Vollering maillot horia erori da-eta.

Ion Lazkano, LABORAL Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko arduraduna: «Eguna atzo baino hobeto atera zaigu, izan ere, hainbat arazo mekanikoak eta osasunakoak izan genituen. Gaur, berriz, nahiz eta ez egon ehuneko ehunean, behintzat aurrerago helmugaratu gara; hain zuzen, Catak 13. postua lortu du eta  eguneko bigarren taldea izan gara. Beraz, nahiko pozik gaude, eguna aurrera ondo atera dugulako. Beste behin, protagonistak izaten saiatuko gara, baina lasterketa oso bizi hasi da eta ihesaldia ibilbide erdira arte ez da egin.  Amaieran, eroriko batzuk egon dira eta, zorionez, guk denak gainditu ditugu, eta txirrindulariak ondo daude zentzu horretan. Egunez egun hobeto joango garen itxaropena dugu».

Ostiralean, seigarren etapa ospatuko da, 159,2 kilometrokoa Remiremontetik Morteauraino, bost mendate puntuagarriekin, horietatik lau azken 90 kilometroetan, asteburuko Alpeetako saioen aurrekoa hain zuzen ere.

Hurrengo etapak:

  • Abuztuak 16, ostirala. 6. etapa: Remiremont – Morteau, 159,2 km. Irteera: 11:40 / Helmuga: 15:45-16:13
  • Abuztuak 17, larunbata. 7. etapa: Champagnole – Le Grand-Bornand, 166,4 km. Irteera: 10:50 / Helmuga: 15:27-16:02
  • Abuztuak 18, igandea. 8. etapa: Le Grand-Bornand – Alpe d ‘Huez, 149,9 km. Irteera 14:00 / Helmuga: 18:38-19:27

Yurani Blanco, Usoa Ostolaza, Ane Santesteban, Catalina Soto, Cristina Tonetti eta Laura Tomasi dira lehian diren zazpi txirrindulariak, Ion Lazkano eta Peio Goikoetxearen zuzendaritzapean.