UPV/EHUk gora egin du Shanghaiko rankingean eta munduko 400 unibertsitate onenen artean dago berriz ere

0
Leioa. Julio 2023. Fotos Campus de Leioa. Foto: Nuria González
PRUEBA

Euskal Herriko Unibertsitateak Shanghaiko rankingean gora egin du eta munduko 400 unibertsitate onenen artean kokatu da berriro, iaz 500 unibertsitate garrantzitsuenen artean geratu ostean (http://www.shanghairanking.com). Sailkapen hori Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak egiten du urtero, eta, gaur egun, nazioartean aintzatetsitako ebaluazio-irizpideetako bat da, unibertsitate-munduaren barruan errespetatuena eta enblematikoena. Espainiar estatuko zortzi unibertsitate soilik daude sailkapen honetako lehen 400 unibertsitateen artean.

Eva Ferreira euskal unibertsitate publikoko errektorea pozik agertu da emaitza horiekin: «Maila bat igo izana, euskal unibertsitate publikoa munduko 400 unibertsitate onenen artean egotea, albiste bikaina da gure gizartearentzat. Kontuan hartu behar da gero eta konpetentzia handiagoko nazioarteko testuinguru batean gaudela, Txinaren goranzko posizioak erakusten duen bezala. Horregatik, munduko lehen 400 unibertsitateen artean egotea eta Espainiako unibertsitateen artean hirugarren postuan egotea emaitza bikaina da. Urte olinpikoa izanik, esango nuke Euskal Herriko Unibertsitatea unibertsitateko ikerketaren munduko podiumean dagoela. Posizio hori are nabarmenagoa izango litzateke egindako inbertsioaren errendimenduari dagokionez. Aukera hau aprobetxatu nahi dut gure unibertsitate-komunitatea osatzen duten pertsona guztiak zoriontzeko lorpen kolektibo bikain honengatik «.

Shanghaiko rankingak, funtsean, unibertsitateetako ikerketaren eragina neurtzen du, baita nazioartean duen ospea ere. Euskal Herriko Unibertsitatea 2012an agertu zen lehen aldiz sailkapen horretan. Aurten, Harvard, Stanford eta Massachusetts Institute of Technology unibertsitateek sailkapeneko lehen hiru postuak hartuko dituzte, ordena honetan. Lehen hamar postuetatik zortzi Estatu Batuetako unibertsitateek betetzen dituzte, eta bi Britainiar Handiko unibertsitateak dira (Cambridgekoa eta Oxfordekoa).

UPV/EHU ex aequo kokatzen da 301 eta 400 postuen artean. Inguruabar hori azaltzeko, zerrendan emaitzak aurkezteko ezarritako sistema ulertu behar dugu. Hala, 1. postutik 100. postura handienetik txikienera bitarteko hurrenkera zorrotza ezartzen dute, puntuazioaren arabera. Ondoren, bloke bat osatzen da 50 unibertsitaterekin; beste bloke bat beste 50  unibertsitaterekin; eta hortik aurrera, 500. postura arte, 100 unibertsitateko hiru multzo bereizten dira. Bloke bakoitzaren barruan unibertsitateak ordena alfabetikoaren arabera agertzen dira. Sailkapen honek duen garrantzia zenbatekoa den konturatzeko, gogoratu behar da mundu osoan goi mailako 20.000 hezkuntza erakunde baino gehiago daudela.

Unibertsitateen bikaintasuna neurtzeko nazioarteko erreferentzia den zerrenda hau osatu ahal izateko, kontuan izan dira Nobel saria eta Matematiketako Fields dominak eskuratu dituzten irakasle edo ikasle ohiak dituzten unibertsitateak, ikertzaile oso aipatuak eta Nature edo Science aldizkarietan argitaratutako artikuluak, baita WOSen (Web of Science) indexatutako artikuluen kopurua ere. Hala, rankingik fidagarriena eta entzutetsuena da. Guztira, 2.500 unibertsitate baino gehiago ebaluatzen dira eta 1.000 onenen sailkapena ateratzen da. Datorren urrian, Shanghaiko rankingak ikasketa espezialitateen araberako emaitzak eskainiko ditu.