Ibone Bengoetxeak: «A1 mailako euskara klaseak doakoak izango dira irailetik aurrera euskaltegi guztietan»

0
  • Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak erabakia iragarri du gaur goizean Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, eta Sailak abian jarriko dituen ekimenen berri eman du
  • Bengoetxeak azpimarratu duenez, «kultura, kirola eta euskara gure arima dira; horiek gabe, ezingo ginateke Herri izan»

Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean Euskadi Irratiko Faktoria saioko mikrofonoetan. Elkarrizketa horretan, Bengoetxeak bere Sailak programatutako ekimenen berri eman ahal izan du, eta, ildo horretan, erronka nagusia euskara sustatzea dela nabarmendu du. Horrela, lehenengo lehendakariordeak iragarri duenez, «irailetik aurrera, A1 mailako euskara klaseak doakoak izango dira euskaltegi guztietan, jendea euskarara hurbiltzea nahi dugulako».

Euskarari buruz adierazi du, halaber, bere Sailak lan egingo duela beste esparru batzuetara irits dadin. «Erronka polita dugu aurrean euskarak beste esparru batzuk irabaz ditzan, eskoletatik haratago; lana, aisia eta euskararen ofizialtasuna Europan gailendu behar dira», ziurtatu du Bengoetxeak.

Baina, euskaraz gain, sailburuak ordezkatzen dituen beste arloen garrantzia ere azpimarratu nahi izan du, «kultura, kirola eta euskara gure arima dira; horiek gabe, ezingo ginateke Herria izan. Gizarte-kohesiorako balio dute, emozioak sortzen dizkigute eta, horiek gabe, ez gara ezer «.

Kulturari eta arteari dagokionez, Ibone Bengoetxeak baieztatu du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lanean jarraituko duela «sortzaile eta artistentzako fiskalitate espezifikoa lortzeko; lanak hasita daude eta behar hori mahai gainean jarri dut berriro». Horretarako, «artistekin bilera erronda bat egingo dut eta haien ikusgarritasuna bultzatuko dut, batez ere, emakumeena, esparru artistikoan bereziki ikusezinak baitira», gaineratu du.

Azkenik, Urdaibaiko Guggenheimen proiektuaz galdetuta, lehendakariorde lehenak adierazi du «arterako eta kulturarako trakzio-proiektu bat eta are proiektu handiago eta zeharkakoago baterako palanka bat» dela, eta zehaztu du une honetan «entzuteko, ezagutzeko eta planifikatzeko fasean» gaudela. «Elkarrizketan sinesten dut eta, beraz, alderdiok eseri egin beharko gara, plan osoari buruz eztabaidatu eta planteatzen diren proposamenak eta iradokizunak entzun», gaineratu du.