Mendizorrotza futbol zelaiko ateak ireki egingo dira datorren ostegunean, hilak 22, Deportivo Alavesek ateak irekita egingo duen lan saioa hartzeko. Jarraitzaile urdin-zuriek zuzenean ikusi ahal izango dute Luis Garcia Plazaren gizonen lan saioa, denboraldi honetako Mendiko lehen lehiaren aurretik.
Txikiek, gazteek eta nagusiek euren idoloetatik gertu egoteko aukera izango dute, etxeko lehen norgehiagokari begira babesa eta beroa emateko. Ekimena, Gasteizko Udalaren eta Deportivo Alavesen arteko hitzarmenean aurreikusitako lankidetza ekintzen barruan kokatzen da.
Entrenamendua 18:45etan irekiko da zaleentzat eta sarrera Mendizorrotzako tribunako 4. atetik egingo da.
Lan saioa amaitutakoan, jokalariak harmailetara hurbilduko dira, futbol zelaian bildutako jarraitzaile urdin-zuriekin argazkiak atera eta autografoak sinatzeko.