Yurani Blanco (Laboral Kutxa) nabarmendu da Tourreko mailako ihesaldian

0

Yurani Blanco (LABORAL Kutxa-Euskadi Fundazioa) protagonista izan da Frantziako Tourreko seigarren etapan, Remiremont-Morteau, 159,2 kilometro, eta Usoa Ostolaza lasterketako onenetatik gertu nabarmendu da.

Blancok berak saiakera hasi du, 120 kilometroren faltan, eta 18 txirrindulari izan dira lasterketaren buruan, ia amaierara arte. Lehen mailako txirrindulariak izan dira, gainera, Vos, Van Empel, Fisher Black, Brown, Paladin, Majerus, Van Dijk, Cordon-Ragot, besteak beste. Bost mendateko ibilbidean, lau azken 90 kilometroetan, Blancok aurpegi lehiakorra erakutsi du La Roche du Pretre (2.) mendatean amore eman arte, 90 kilometro emateko buruan, harrapatuta helmugatik 30era. Ostolaza taldekideari onenen taldean eusten ere lagundu dio.

Gipuzkoarrak izen nagusien multzoari eutsi dio, azkenean Cote des Fins-en amore eman duen arte, amaieratik 15era, eta Cédrine Kerbaol (WNT) irabazlearengandik minutu eta erdira helmugaratu da, faboritoen tropelatik minutu batera. Katarzyna Niewiadomak (CSR) lider jarraitzen du.

Ion Lazkano, LABORAL Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko kirol arduraduna«Protagonistak izaten saiatu gara beste behin, eta kasu honetan lortu egin dugu. Eguneko ihesaldian Yurani sartu da, mailako saiakera zen gainera, eta pozik gaude alde horretatik. Bestetik, Usoa talde nagusitik nahiko gertu heldu da eta gustora ere gaude zentzu horretan. Biharko eta etziko etapei begira, oso saio gogorrak dira, ea dinamika berdinean jarraitzeko ahalmena dugun».

Larunbatean zazpigarren eta azken-aurreko etapa ospatuko da Alpeetan, bost mendate gainditzeko txirrindulariek Le Grand-Bornand (Montée du Chinaillon, 2), 7 km % 5,1ean, gaineran bukatuta Tourreko etapa luzeenean 166,4 kilometrokoa Champagnoletik (3.000+).

Hurrengo etapak:

  • Abuztuak 17, larunbata. 7. etapa: Champagnole – Le Grand-Bornand, 166,4 km. Irteera: 10:50 / Helmuga: 15:27-16:02
  • Abuztuak 18, igandea. 8. etapa: Le Grand-Bornand – Alpe d ‘Huez, 149,9 km. Irteera 14:00 / Helmuga: 18:38-19:27

Yurani Blanco, Usoa Ostolaza, Ane Santesteban, Catalina Soto, Cristina Tonetti eta Laura Tomasi dira lehian diren zazpi txirrindulariak, Ion Lazkano eta Peio Goikoetxearen kirol zuzendaritzapean.