Hondarribiko Udalak harrera egin zien Asturiagako erailketako biktimen senideei

0
PRUEBA

Igor Enparan Hondarribiko alkateak eta Udaleko hainbat zinegotzik harrera egin zieten atzo goizean duela 50 urte Asturiagako hondartzan erail zituzten Roque Mendez eta Jose Luis Mondragonen senideei. Ekimen honen helburua Udaleko Bizikidetza Mahaiak 2023. urtean eskatu zuen eta Aranzadi eta Euskal Herriko Unibertsitatearen bitartez egin den azterketa historiko, objektibo eta kualifikatuaren txostena familiartekoei ematea izan zen.

Enparan alkateak azaldu zuenez, Asturiagako gertakari horiek ahaztuta egon dira 50 urtez: “Erailketa horiek testuinguru batean eman ziren, hau da, Giza Eskubideak errespetatzen ez ziren diktadura batean, eta nahiz eta kontakizun ezberdin asko izan, garai horretan ez zegoen demokratikoki eman behar den gertaeren zilegitasunezko informaziorik. Hori dela eta, 2023an Udaleko Bizikidetza Mahaiak ikerketa hau eskatzea erabaki zuen”, esan zuen.

Lanketa hura Aranzadiko Javi Bucesek eta Euskal Herriko Unibertsitateko Eneko Etxeberriak bere gain hartu zuten, eta, azterketa historiko eta juridikoa burutu ondoren, pasa den maiatzean, Udalak ikerketa horren txostena jaso zuen. Bizikidetza Mahaian aurkezpen bat egin zen orduan, eta bertan lanaren berri izan behar zuten lehenak, biktimen senideak izan behar zutela erabaki zen.

Txostenak Asturiagako gertakarien nondik-norakoak jasotzen ditu. “Egileek azterketa egin eta gero atera dituzten ondorioak ez dira ikuspegi pertsonal batetik ateratakoak, baizik eta azterketa zientifiko eta profesional batetik ateratakoak”, azaldu zuen Enparanek.

Txostenaren helburuari dagokionez, alkateak adierazi zuen biktima guztiek egia, justizia eta baita erreparaziorako eskubidea daukatela, eta Udalaren urrats hau xumea bada ere, memoria egiteko ere baliatu dela, bai senideentzat, bai eta Hondarribiko herriarentzat ere.

Ildo berean, txostenaren egilea den Javi Bucesek adierazi zuen, bai 2022ko estatuko Memoria Historiko eta Demoktratikoari buruzko legeak, bai 2023ko euskal legeak egia, justizia eta erreparazioa eskuratzeko eskubidea aitortzen dietela frankismoaren biktimei eta beraien senideei, eta, gainera, gertakarien berri publikoki ematea.

Bestalde, Bucesek aipatu zuen txosten hau ikerketa historiko baten emaitza dela, baina baita giza eskubideen ikuspuntutik egindako azterketa juridiko baten emaitza ere.

Azkenik, jakinarazi behar da egindako txostena eskuragarri egongo dela Hondarribiko Artxibo Historikoan.