Ibone Bengoetxeak: «Helburua gure osasun sistema hobetzea bada, ziur nago akordio bat posible izango dela»

0

«Osasuna lehentasuna da», ziurtatu du lehendakariordeak, eta lehendakariak irailaren 5ean gai horri lotutako Herrialde-Ituna lortzeko proposatu zuen mahaia ekarri du gogora. «Akordioak lortzeko jarrera behar da», eta, ildo horretan, helburua gure osasun sistema hobetzea bada, «ziur nago akordio bat posible izango dela», adierazi du.

Politikarekiko desafio handiko une sozial batean, lehendakariordeak desberdinen artean entzutea eta akordioak bilatzea defendatu du. Testuinguru horretan kokatu du Pradales lehendakariaren proposamena Itun Etikoa lortzeko. Bengoetxearen ustez, «erronka hori ez da ona herrialdearentzat, ezinegona eta beldurra sortzen baitu, eta pertsonen zerbitzura jardunez politikak maiuskulaz egitearen alde dago». «Lehendakariak berak zehaztuko du itun horren edukia laster», gaineratu du.

Autogobernuari dagokionez, legegintzaldi honetan transferitzeke dagoen karpeta behin betiko itxi behar dela azpimarratu du.

Bere Sailarekin lotutako gaiei buruz galdetuta, euskararen erabilera soziala areagotzea jarri du helburu, espazio berrietan presentzia irabaziz, hala nola aisialdian, kirolean, lan-eremuan edo eremu digitalean. Euskarari lotutako epaiei dagokienez, sailburuak hizkuntza-eskubideekiko konpromisoa agertu du, «jendea nahi duen hizkuntzan artatzeko betebeharra baitugu».

Azkenik, kultura «gure herriaren arima» dela defendatu du sailburuak, eta ikusgarritasun handiagoa emateko eta talentu sortzaile berriak sortzeko lan egingo du. Fiskalitatearen eremutik ere begirada desberdina merezi duen jarduera berezi bat garatzen duten artisten kolektiboak aipatu ditu, eta, horregatik, gai horri heltzeko aldundiekin hitz egin duela iragarri du.