Paris 1900-2024: lehenengo emakume olinpiarretatik lehenengo joko parekideetara

0
Paris 1900ko olinpiadak. | Argazkia: Egile ezezaguna. Wikicommons.

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

2024ko Parisko Olinpiar Jokoak lehenengo joko parekideak izango dira, emakumezko eta gizonezko parte hartzaile kopuruari dagokionez. Genero bakoitzeko 5.250 atletak parte hartuko dute uztailaren 26tik abuztuaren 11ra arteko XXXIII. Olinpiada modernoetan.

Hala, 2020ko Olinpiar Agendaren 11. gomendioa bete du Nazioarteko Olinpiar Batzordeak. Jokoetako parte hartzaileen % 50ek emakumeak izan behar zutela ezartzen zuen agenda hark, eta talde mistoen arteko probak txertatzea sustatzen zuen. Olinpiadetan parte hartuko duten 329 taldeetatik, hogei izango dira mistoak.

Olinpiada modernoen bigarren edizioan parte hartu zuten lehen aldiz emakumeek olinpiar jokoetan, modu ofiziosoan. Orduan ere Parisen egin zituzten jokoak, 1900. urtean. 997 atleten artetik, 22 izan ziren emakumezkoak, eta bost diziplinatan lehiatu ziren: tenisa, bela, croqueta, hipika eta golfa.

Ohikoa da garai hartan emakumeek kirol gutxi egiten zutela entzutea, hori jarduera fisikoarekiko interes txikia izatearen ondorioa balitz bezala, eta ez gizon eta emakume gazteen arteko bereizketa zurruna defendatzen zuen politika sexualaren ondorioa. Politika hartan, kirola esanguratsua zen.

Zer izan zen kristautasun muskularra?

Olinpiar Joko modernoen sortzailearen, Pierre de Frédy Coubertingo baroiaren, hezkuntza proiektua kristautasun muskularra izeneko mugimendu baten barruan kokatu zen. Mugimendu hark kirola jartzen zuen erdigunean, gizonezko gazteak fedean eta gizontasunean hezteko.

1883an, 20 urterekin, Rugby Schooleko hezkuntza fisikoko programan parte hartu zuen Pierre de Coubertinek. Kirol horri izena eman zion eskola pribatua izan zen Rugby School, eta bertan gertatzen da Thomas Hughesen Tom Brown’s School Days eleberria, mugimendua inspiratu zuena.

Frantziaren eta Prusiaren arteko gerran frantziarrek galdu izanaren umiliazioak markatuta, Coubertinek ingelesen adibidean ikusi zuen frantziarrek gerrarako zuten prestakuntza eskasarentzako irtenbidea. Denborarekin, kirolak inperioen arteko bakea mantentzeko zuen gaitasun diplomatikoa ere goraipatu zuen. Kirola nazioen arteko borrokarekin, inperialismoarekin eta gerrarekin lotzeak alde batera utzi zituen kirolaren bertsio ludikoagoak eta anitzagoak, eta hala sortu ziren Olinpiadak. Coubertinek gizonentzat bakarrik sortu zituen, eta zurien ustezko gailentasuna ospatzen zuten.

Olinpiadek ez zituzten emakumeak “atseginez” hartu. Hain zuzen ere, Olinpiar Jokoak funtsezkoak izan ziren kirol modernoaren maskulinizazio prozesuan, eta erreibindikazio jarreraren bidez baino ez zen lortu emakumeen presentzia handitzea eta ofizialtzea.

Allice Milliat izan zen prozesu horretako pertsona garrantzitsuetako bat. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak emakumeentzat irekitako olinpiar ekitaldiak ugaritzeari uko egin ostean, Emakumeen Kirolaren Nazioarteko Federazioa (FSFI) sortu zuen 1921ean, eta urte hartan bertan I. Emakumeen Olinpiadak antolatu zituen; gerora, ekitaldi horren beste hiru edizio antolatu ziren, eta Munduko Jokoen beste lau edizio.

II. Emakumeen Olinpiadak Parisen egin ziren 1922an, eta 20.000 ikusle bildu zituen. Kideetako batek 1960an adierazi zuenez, feminismoak kirolean zuren eraginaren aurrean zer egin eztabaidatu zuen Nazioarteko Olinpiar Batzordeak 1923an, eta gogo txarrez onartu zuen emakumeen ekitaldiak ugaritzea, emakumeen kirolaren gaineko kontrola hartu ahal izateko.

Parekotasun falta Nazioarteko Olinpiar Batzordearen zuzendaritzan

Parekotasuna feminismoaren aldarrikapen historikoa den arren, beste motibazio batzuk izan ditzake atzean: kontrola izaten jarraitzea. Hain zuzen ere, Gutun Olinpikoak Nazioarteko Olinpiar Batzordearen konpromisoa jaso zuen 1996an: “Emakumeen presentzia sustatzea, maila guztietan eta egitura guztietan, bereziki nazio mailako eta nazioarteko kirol erakundeetako zuzendaritza batzordeetan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun printzipioa zorrotz aplikatze aldera”. “Zuzendaritzako” parekotasuna ez zuten sartu 2020ko Olinpiar Agendan. Izan ere, sartu izan balute, bete gabe jarraituko zukeen 11. konpromisoak: Nazioarteko Olinpiar Batzordearen zuzendaritza 11 gizonek eta 5 emakumek osatzen dute gaur egun.

Baina zenbakiez harago, benetako berdintasuna ezinezko egiten duten arauei kateatuta dago kirola. Banaketa sexualaren dogma da horietako bat, parekotasuna bera ere defendatzen duena.

Ustez, emakumeen kategoria babesteko defendatzen da, baina sexuen banaketak federazioen erabakiak markatu ditu atleta batek gizonezkoen gailentasuna zalantzan jarri duen bakoitzean.

Zhang Shani gertatu zitzaion, 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan; plater tiro mistoan, urrea irabazi zuen eta errekor olinpikoa ezarri zuen. Haren garaipenaren ostean, Tiroko Nazioarteko Batasunak debekatu egin zuen emakumeen parte hartzea. Hortaz, Shanek ezin izan zuen haren urrea defendatu 1996 Atlantako jokoetan, ustezko “Emakumeen olinpiadan”.

2024ko Parisko jokoetan tiroko ekitaldi mistoa izango da, baina gizon batek eta emakume batek osatutako taldeak izango dira. Hori da ezartzen ari diren eredu “mistoa”, gizonen eta emakumeen arteko lehia zuzena saihesteko.

Lindsay Vanek ere ezin izan zuen eski jauzian eskuratutako errekorra 2010eko Vancouverreko Neguko Olinpiadetan defendatu, emakumeen parte hartzea debekatu baitzuten proban, errekor absolutua emakume batena izan arren. Eskiko Nazioarteko Federazioak emakumezko jauzilariek etorkizunean ugalketa arazoak izan zitzaketela arrazoitu zuen, debekua justifikatzeko. XX. mendearen hasieran emakumeak kiroletik aldentzeko erabilitako argudio berberak errepikatu ziren 2010ean.

Gertakari horiek anekdotikoak diruditen arren, agerian uzten dute sexuak eta horien funtzioak naturalizatzeko politika orok, azkenean, lehiatzeko mugak ezartzen dizkiela beti emakumeei. Urtetan zehar, sexua egiaztatzeko probak izan ziren. Gaur egun, testosterona maila neurtzen dute, eta horrek lehiatik kanpo uzten ditu emakume afrikar asko.

Bestetik, Frantziak ez die haren talde olinpikoan parte hartzen utzi beloa janzten duten atletei. Eta, aldi berean, sexualizatzen dituzten jantziak inposatzearen aurka agertu dira hainbat diziplinatako emakumezko jokalariak.

Emakumezko kirolarien gorputzak arautzen jarraitzen dute zuzendaritza batzordeek. Azken finean, erakundearen printzipioa sexu bereizketa den bitartean, beti mantendu beharko da hori justifikatzen duen ezberdintasunen bat.