- Bertsio berriak irudi medikoak eta lanerako ezintasunaren parteak jaisteko aukera ematen du osasun-zentrora joan beharrik izan gabe
- 2023an, Osasun Karpetak 400.000 erabiltzaile desberdinen 5 milioi sarrera baino gehiago izan zituen
Osakidetzak Osasun Karpetaren bertsio berritua atera du, orain dela urte batzuk, herritarrei beren osasun-datu nagusiak teknologia berrien bidez eskuratzea errazteko, abian jarritako digitalizazio-estrategiaren barruan. 2013az geroztik, herritarrek beren historia klinikoa klik baten bidez ezagutzeko aukera izatea ahalbidetu duen tresna digital hori eguneratu egin da, plataforma modernoagoa, intuitiboagoa eta funtzionalagoa eskaintzeko.
Ezarri zenetik, Osasun Karpetak gero eta erabilera handiagoa izan du, eta 2023an 400.000 erabiltzaile desberdinen 5 milioi sarrera baino gehiago izan zituen. Zifra horiek agerian uzten dute Osasun Karpeta dela, telefono bidezko kontsulten ondoren, gehien erabiltzen den bigarren tresna ez-presentziala.
2024ko lehenengo seihilekoan, erabilera-datuak oso positiboak izan dira: 427.437 pertsona desberdinen 3.769.506 sarrera izan ditu karpetak. Horrek adierazten du 2024a amaitzean litekeena dela 2023ko zifrak gainditzea.
Aurrerapen teknologiko azkarrak eta aldatzen joan diren erabiltzaileen beharrek Osasun Karpeta berri bat sortzea eragin dute, eta arkitektura informatiko aurreratua izango du. Eguneraketa horrek, lehendik zeuden funtzionalitateak hobetzeaz gain, sarbide sinpleagoa eta nabigazio intuitiboa errazten ditu, beti segurtasun- eta konfidentzialtasun-estandar altuak mantenduz.
Funtzionalitate berrien barruan, aukera emango da, esate baterako, Osasun Karpetatik zuzenean eta kalitate klinikoarekin irudi erradiologikoak (Rx, TAC, RNM, etab.) eta Medikuntza Nuklearrekoak (Gammagrafiak, Dentsiometriak, PET-TAC, etab.) eskatzeko eta jaisteko.
Irudien berritasunaz gain, urteko azken hiruhilekoan bajako, altako eta baja luzatzeko parteak ikusi eta jaitsi ahal izango dira Osasun Karpetatik, eta ez da beharrezkoa izango, beraz, osasun-zentrora joatea dokumentazioa jasotzera bakarrik.
Funtzionalitate horrek, langileei prozesua errazteaz gain, beharrezkoak ez diren joan-etorriak murriztuko ditu. Informazio hori lehendik digitalki eskuratzen duten enpresek horrela egiten jarraituko dute, Osasun Karpetaren erabiltzaile guztiei mesede eginez.