Udalak abuztuaren 31eko sutea oroitzeko ekitaldien egitarau zabala prestatu du

0
binary comment

«The Siege of Saint Sebastian» musika lanak emango die hasiera ekitaldiei abuztuaren 25ean eskainiko den doako kontzertu batekin

Donostiako Udalak aurten ere 1813ko abuztuaren 31n hiria suntsitu zuen sutea oroitzeko ekitaldien egitarau zabala prestatu du.

Abuztuaren 25etik aurrera, igande honetan bertan, hainbat omenaldi-ekitaldi egingo dira. Ekitaldien amaiera larunbatean, hilak 31, izango da, Abuztuaren 31 kalean argiak itzali eta kandelak piztu ondoren zuzien argitan egiten ohi den ibilaldi zeremonian.

Nekane Arzallus alkateordeak azaldu duenez, «aurten nobedade gisa, ospakizunak abuztuaren 25ean hasiko dira doako kontzertu batekin. Horretan The Siege of Saint Sebastian partitura aurkeztuko da Xarma hari laukotearen eskutik».

Arzallusek azpimarratu duenez, «Thomas Haigh biolinista, pianista eta konpositore ingelesak konposatutako pieza da, orain arte erabat ezezaguna eta hiriak 1813an jasan zuen hondamendiarekin lotutako aurkikuntza oso garrantzitsua da».

Kontzertua 12:00etan izango da Udaletxeko Udalbatza Aretoan eta gonbidapenak Donostia Festaken bulegoetan (Konstituzio Plaza, 1) egongo dira eskuragarri hilaren 22an, ostirala, 9:30etik 13:30era. Gehienez pertsonako 4 sarrera eskuragarri izango dira gerturatzen direnentzat. Gainera, igandean bertan, 50 sarrera jarriko dira Alderdi Ederreko terrazatik udaletxerako sarbidean (edukiera mugatua).

Oroitzapen ekitaldiak

Abuztuaren 31an, ekitaldiak:

  • 11:30etan hasiko dira, Santa Maria Basilikan, tropa aliatuek hiria hartu eta suntsitu zutenean bizia galdu zutenen omenezko mezarekin.
  • Ondoren, 12:45etan, udal agintariek lore eskaintza egingo dute Itsas Atean (Portaletak).
  • 16:00etatik aurrera, hiriko hainbat auzotako danborradetako ordezkariek eta Donostia 31 Kultur Taldeak, hiriaren erasoaren eta suntsipenaren oroimen desfilea eta birsortze historikoa egingo dute.
  • Ekitaldirik solemneena eta karga sinboliko handienekoa danborradetako parte-hartzaileak Boulevardeko kioskoaren aurrean biltzen direnean eta minutu bateko isilunea egiten dutenean izango da, jarraian, San Sebastian martxa zaharra jotzeko. Ekitaldia 19:00ak inguruan izango da.
  • Eta 21:30etik aurrera eta hiriko hainbat elizatan kanpaiak jo ondoren, Abuztuaren 31 kalean bertan, hiritarren prozesio ikusteko aukera egongo da. Argi itzaltzearekin eta kandela eta zuzien argiarekin, gure hiriak 1813ko egun horretan bizi izan zuen tragedia oroituko da.

 

Programa osoa

• 11:30 Elizkizun Nagusia San Bizente elizan.
• 12:45 Lore eskaintza Itsas atean (Portaletas).
• 17:00 Patiñako elkarteak Koruko Ama Birjinaren plazatik Zuloaga plazaraino hurbildu.
• 17:00 Kursaalaren eta Begiratokiko Bateriaren arteko kanoi-hotsa. Ondoren, indar aliatuen hurbilketa Kursaaletik Zuloaga plazaraino.
• 18:00 «Donostia 31 kultur taldea» ren esker ona Gipuzkoako elikagaien bankuari eta Urteurreneko desfilearen irteera Zuloaga plazatik.
• 19:00 Minutuko isilunea Bulebarreko kioskoan eta hiriaren setioaren hasiera.
• 21:00 Gazteluaren erasoa eta Donostiaren erreketa Zuloaga plazan antzeztu.
• 21:30 Hiriko sutearen simulazioa Apaizen pasealekuan eta Begiratokiko Baterian. / Kanpai hotsak hiriko eliza desberdinetan eta Abuztuaren 31 kalean argiak itzali eta kandelak piztea. / “Suzirien argitan ceremonia” paseoa egingo da San Bizente elizatik Santa Maria basilikaraino.

Aurreko egunak

Honetaz gain, aurreko urteetan bezala, Abuztuaren 31ko jardunaldiaren aurreko egunetan hainbat ekitaldi egingo dira, egun horietan gertatutakoa sakontzen dutenak.

  • Hala, abuztuaren 24tik 30era, Liburutegi Nagusiko San Jeronimo aretoan, 1813an hiria erre aurretik bere konfigurazioa azaltzen duten panelez, garaiko jatorrizko gutunez eta dokumentazioaz, birsorkuntzaren bideoaren paseez, antzinako eta argitaratu gabeko hiriaren mapez eta 1813ko gerrari egindako partituraz gozatu ahal izango da.
  • Era berean, abuztuaren 27tik 30era hainbat hitzaldi egingo dira areto berean, 19:00etan.

 

1813ko abuztuaren 31

1813an, ingeles eta portugaldar tropek, hiria bereganatu ondoren, erre egin zuten. Kale bakarra utzi zuten zutik, okupazioak iraun zuen bitartean ostatu hartzeko balio izan ziena, gaur egun abuztuaren 31 bezala ezagutzen duguna. Duela urte askotatik, Donostiako herritarrek omenaldi eta oroigarri egiten diete 1813an tragedia hau jasan zuten donostiarrei.