Denboraldi hasiera ezin hobea Sanserentzat

0

Sansek meritu handiko garaipenarekin ekin dio denboraldiari, Ponferradinari 0-1 irabazita El Toralin futbol zelaian. Txuri-urdinek hasieratik amaierara lehiatu dute eta hiru puntuak eskuratu dituzte mailaz igotzeko hautagaietako baten etxean irabazita.

Etxekoak hobeto atera dira berdegunera eta hasiera on horri esker bi aukera izan dituzte markagailuan aurrea hartzeko. Lehenengoan Cortesek area barrutik egindako errematea langan jo du eta, handik gutxira, Abelendaren erdiraketa bat, Ernestok, bigarren zutoinean, sarearen albotik kanpora errematatu duena. Minutuek aurrera egin ahala, txuri-urdinek Aurrera egin dute, eta Prietok kornerrera desbideratu duen Gotiren ezkerkada batekin lehen abisua bidali ostean, bigarrenean ez dute barkatu. Mikel Rodriguezek aurkariaren areatik gertu zegoen aldaratze bat baliatu du baloia gurutzatu eta sare barrura sartzeko. Gol bikaina. Gure filialak egoera kontrolpean izan du lehen zatian, markagailuko aldea mantenduz.

Etxekoek berriro estutu dute bigarren zatia hasi ondoren. Fragak Yerayren ezkerkada urrundu du area kanpotik berdinketa saihesteko. Handik gutxira, Cortesek ere oso gertu izan du gola erremate gurutzatu batekin, apur bat desbideratuta joan dena. Txuri-urdinak, lehen zatian bezala, gehiagora joan dira minutuek aurrera egin ahala eta Orobengoa garaipena bideratzear egon da Dani Diazen erdiraketa baten ostean, baina bere errematea langa gainetik joan da. Eder Garciak, kontraeraso batean, gure filialaren argiena izan du, baina Prietok errematea urruntzea lortu du. Etxekoek asko estutu dute azken minutuetan eta abagunerik onena Yerayk izan du ezkerkada batekin. Fragak, atepean handia eginez, aukera bertan behera utzi du. Baina markagailua ez da mugitu eta garaipena, gure filialarentzat.

Hasiera ezin hobea, hiru punturekin, mailako talde onenetako baten aurrean. Hau hasi besterik ez da egin. Datorren asteburuan Lasesarre bisitatuko dute Barakaldo CF taldearen aurka jokatzeko.