Deportivo Alavesek puntuen kutxatila estreinatu du

0

Deportivo Alavesek txapelketako lehen puntua erdietsi zuen, Mendizorrotzako itzuleran, Betisen aurka hutsean berdindu ondoren. Erritmo biziko neurketan bi taldeek izan zituzte gola sartzeko aukerak. Talde babazorroak gainera, 10 jokalarirekin amaitu zuen lehia epaileak Sedlar egotzi eta gero.

Gloriosoa ondo sartu zen norgehiagokara, hegaletatik arriskua sortuz, batez ere Carlos Vicenteren bitartez. Hain zuzen, jokalari babazorroari gol bat baliogabetu zioten 17.minutuan jokoz kanpo egoteagatik. Betisek ere bere aukera izan zuen Juanmiren bitartez, baina aurrelariak gora errematatu zuen eskuin aldetik botatako erdiraketa. Bisitariak partidaren kontrola bereganatzen saiatu ziren, baina hasierako markagailuarekin iritsi zen atsedenaldira.

Bigarren zatian, Conechnyk areaz kanpoko jaurtiketa indartsu batekin abisatu zuen. Jokalari argentinarra eta Tenaglia gutxigatik ez ziren Antonio Blancok ezker hegaletik egindako erdiraketara iritsi. Fekirrek, bere aldetik, talde andaluziarraren abagune onenak izan zituen, baina Antonio Sivera itzel batek buruz burukoan irabazi zion eta minutu batzuk geroagoko txuta kanpora joan zitzaion.

Azken txanpan, jokalari bat gutxiagorekin, Gloriosoak estoikoki eutsi zion Betisen erasoei. 91. minutuan, Siverak hegan egin zuen Chimy Avilaren gola saihesteko.

Etxean estreinatu ondoren eta atseden hartzeko denborarik gabe, Deportivo Alavesek bere hurrengo erronkari begiratzen dio. Denboraldiko lehen aste arteko jardunaldian, Luis Garcia Plazaren mutilak Donostiara joango dira Realaren aurka urteko lehen derbia jokatzeko.