Urruzunok aurten 39. edizioa bete du, eta egun hauetan lehiaketaren irabazleak literatur egonaldi batean elkartu ditu. Hogei bat gazte literatur tailerretan eta idazketarekin eta sormenarekin lotutako jardueretan parte hartzen ari dira Arantzan (Nafarroan).
Gaur arratsaldean Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria (1991) eta Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala (2003) jaso zituen Mariasun Landa idazlearen bisita izan dute.
Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak 2024ko Urruzuno literatur lehiaketaren irabazleak bisitatu ditu gaur Arantzan (Nafarroan), egun batzuk pasatzen ari diren lekuan. Lortutako sariaz, hau da, literatur egonaldi batez, gozatzen ari dira bertan. Gaur hasi eta abuztuaren 30era bitartean, hainbat jardueratan, besteak beste, jardunaldi, tailer eta errezitaldietan, parte hartuko dute, literaturaren eta musikaren munduko pertsona aipagarriek lagunduta, horien artean Patxi Zubizarretak, Ruper Ordorikak edo Itxaro Bordak.
Mariasun Lana euskal idazlea gaur arratsaldean izan da gazteekin. Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburua ere topaketan izan da, eta literatur inspirazioa duten gazteentzat Mariasun Landa (Haur eta Gazte Literaturako Saria (1991) eta Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala (2003)) bezalako pertsona ezagun batekin esperientziak partekatu ahal izateak suposatzen duen aukera balioetsi nahi izan du.
Euskal Idazleen Elkarteak proiektuan emandako laguntza eskertzeaz gain, sailburuak gogora ekarri du Hezkuntza Sailaren lehiaketa honek ia 40 urte daramatzala “Euskadiko literatur bokazioen lekuko izaten”. Euskadiko gaur egungo idazle askok parte hartu izan dute noizbait lehiaketa honetan. Urruzuno literatur lehiaketa “erreferentzia” da euskal kulturaren esparruan; izan ere, irabazleen artean euskal literaturan ez ezik bertsolaritzan, kazetaritzan eta kultur sorkuntzaren beste hainbat arlotan ere ezagunak diren pertsona ugari daude.
Lehiaketa dagoeneko klasiko bat da gure hezkuntza-sisteman, eta bat dator Euskal Hezkuntza Sistemaren Irakurketa Estrategiarekin. Hainbat hamarkadatako garapenaren ondorioz, lehiaketak ehundaka lan ekoiztu ditu euskaraz idatzitako prosan eta poesian.
Lehiaketaren helburua euskal ikasleen artean idazteko zaletasuna sustatzea da, bai eta horien artean euskararen erabilera sustatzea ere, euren hausnarketak, bizipenak eta sentimenduak adierazteko tresna gisa. Lehiaketako epaimahaiak, ohi bezala, 20 lan onenak aukeratu ditu: 10 bi kategorietako bakoitzean (bost prosan eta bost poesian). Hezkuntza Sailak saritutako lanak biltzen dituen liburu bat argitaratuko du Sagastiberri atalean, eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztietan, Berritzeguneetan, liburutegietan… banatuko da.
Literatur egonaldia amaitu eta berehala, gazteak Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzara, Gasteizera, joango dira, aurtengo irabazle gisa aitortzeko egingo den ekitaldi ofizialean parte hartzeko. Ekitaldia abuztuaren 30ean, ostiralean, 12:30etatik aurrera, egingo da. Ekitaldi horretan parte-hartzaile gehien izan dituzten bost ikastetxeak ere aitortuko dira: Txorierri institutua (Derio), Ekialde (Gasteiz), San Luis La Salle (Donostia) eta Mungiako eta Arratiako (Igorre) institutuak.