Bizkaiak hondakinen kudeaketari lotutako udal eta mankomunitateen 55 proiektu finantzatuko ditu, milioi bat eurorekin

0

Finantzaketa hori tokiko erakundeak sustatzera eta laguntzera bideratutako laguntza-lerroari dagokio, hondakinen prebentzioa, berrerabilera, konpostajea eta gaikako bilketa sustatzeko eta fiskalitate berdea ezartzen laguntzeko jarduerak gara ditzaten. Haren zatirik handiena, 452.328,95 euro, udal-eremuko 20 erakunderen ingurumen-prebentzioko eta -hezkuntzako beste hainbeste proiektutarako erabili da.

Bizkaiko Foru Aldundiak, aurten, lurraldeko udal eta mankomunitateen 55 proiektu finantzatuko ditu, milioi euro batekin. Diru hori Foru Erakundeak toki-erakundeok zenbait jarduera garatzeko urtero sustatzeko dirulaguntza-lerroari dagokio; alegia, Europar Batasunak ezarritako hierarkiaren arabera ezarritako helburu orokorretan aurrera egiteko aukera emango duten jarduerak. Azken batean, hondakinen sorreraren prebentzioa areagotzeko eta hondakinen berrerabilera, konpostajea eta gaikako bilketa sustatzeko.

Guztira, 28 udalek eta mankomunitatek aurkeztu dituzte proiektuak laguntza-ildo horretan, 2.466.656,49 euroko guztizko zenbatekoarekin. Diruz lagundu daitezkeen jarduketekin bat zetozenak aztertu eta dekretuan jasotako hautaketa-irizpideak aplikatu ondoren, 55 proiektu hautatu dira, dekretuan jasotako sei dirulaguntza lerrori dagozkienak. Zehazki, laguntzak honela banatu dira:

  • 452.328,95 euro erabili dira ingurumen-prebentzioarekin eta -hezkuntzarekin lotutako hogei proiektu diruz laguntzeko.
  • Beste 310.094,42 euro, berriz, hondakinak kudeatzeko baliabideetan inbertitzeko hamabi proiekturen artean banatu dira.
  • Bestalde, aholkularitza teknikoko eta prestakuntzako 15 proiektutarako 175.528,12 euro bideratu dira.
  • Bilketa espezifikorako lau proiektu ere finantzatu dira 36.070,56 eurorekin.
  • Hondakinak biltzeko eta kontabilizatzeko prozesua digitalizatzeko hiru proiektuk 17.072,45 euro jaso dituzte.
  • Azkenik, gainerako 8.905 euroak hondakinak biltzeko ibilgailu bat erosteko, berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko hobekuntza teknologikoak barne hartzen dituena.

Aurten, dirulaguntzen dekretuak diruz lagundu daitezkeen jarduera berriak jaso ditu, hala nola aire zabaleko ekitaldi publikoetan hondakinak sortzea saihesten duten material berrerabilgarriak erostea edo honako hauek biltzeko edukiontzi bereziak erostea: etxeko toxikoak eta sukaldeko tresnak, , ontziak ez diren plastikoak, zurak eta metalak, partikularren lurrak eta obra-hondakinak edo kafe-kapsulak, besteak beste. Eta udal eta mankomunitate batzuek hiru jarduera hauetarako laguntzak eskatu dituzte deialdi honetan: material berrerabilgarriak erostea, edukiontziak etiketatzea edo binilatzea, eta sakabanatutako zaborra biltzeko, kontabilizatzeko eta haren ezaugarriakzehazteko ekitaldiak antolatzea.