BINDeko 70 Partner-en Eraldaketa Digitalerako Startupak bilatzen ditugu

0
  • IoT, AA edo robotika bezalako teknologia disruptiboak dituzten startupei zuzendutako BIND deialdia irailaren 6an itxiko da.
  • Hautagaiak oraindik garaiz daude industriako 70 enpresa liderrek planteatutako 12 erronka berrientzako soluzioak aurkezteko 

BIND berrikuntza irekiko plataformak irailaren 6an itxiko du industriaren erronka berriei erantzuteko gai diren startup disruptiboei zuzendutako bederatzigarren deialdia. BINDen helburua Euskadin egoitza duten erreferentziazko enpresa handien eraldaketa digitala bultzatzea da, startupen laguntzarekin. Horrela, biek eraldaketa digitaleko proiektu berritzaileak garatuko dituzte, etorkizunean industria efizienteagoa eta jasangarriagoa lortzeko helburuarekin.

Hautagaitzak aurkezteko eta BINDen bederatzigarren edizioan parte hartzeko, startupek soluzio teknologikoak aurkeztu behar dituzte industriako 70 enpresa liderrek planteatutako 12 erronka berrietako bati edo batzuei erantzuteko helburuarekin. Erronka horiek 8 jarduketa-esparrutan banatzen dira: Efizientzia energetikoa eta ingurumen-inpaktuaren murrizketa; Prozesu industrialen eraldaketa, optimizazioa eta digitalizazioa; Azken bezeroari negozioa/eskaintza garatzea; Metodologiak, tresnak eta antolamendu-euskarria; Mobility soluzioak; Eta berrikuntza gisa, aurten, osasunaren arloan, hiru kategoria espezifiko sartu dira, diagnostikoaren, terapeutikaren eta asistentziaren arloetan soluzioak identifikatzeko.

BINDen parte hartu duten 70 enpresen artean, aurten erreferentziazko hainbat enpresa daude, hala nola Mercedez-Benz, Tubos Reunidos, Orona, GH Cranes, ArcelorMittal, Ormazabal, Ramondin eta Uvesco, besteak beste.

Berrikuntza sustatzea AA, IoT eta robotikarekin

Deialdi berri honetan, industriako enpresa liderrek mundu osoko startup teknologiko berritzaileenak bilatzen dituzte, proiektu disruptibo berriak sortu ahal izateko. Horretarako, teknologia hauek erabiltzen dituzte: adimen artifiziala, IoT, teknologia murgiltzaileak, zibersegurtasuna eta robotika, besteak beste.

Adimenaren arloan, We are Clickers startup bizkaitarrak proiektuak egin zituen Betsaide, Garay eta GHCranes-ekin, AAren bidez hainbat iturritatik datozen eskaerak automatikoki detektatu eta identifikatzeko, jasangarritasunari buruzko txosten automatikoak egiteko eta adimen artifizialeko sistema aurreratuak ezartzeko, fakturen kudeaketa optimizatzeko eta ERPn prozesatzeko asmoz.

Zibersegurtasunaren esparruan, Orbik Cybersecurity startup gipuzkoarrak hiru proiektu garatu zituen Arteche, Ormazabal eta Gestamp Groupen eskutik. Garatutako proiektuek erdi-tentsioko urruneko kontrol-unitatearen komunikazioen sendotasuna eta zibersegurtasuna frogatzeko helburua zuten.

BINDen aurreko edizioan egindako 31 proiektuen beste adibide bat Celsa eta Tekniarekin Acceleration Robotics arabar startuparenak dira. Kasu honetan, garatutako proiektuen helburua robotika industriala bizkortzea izan da, hardware azelerazio bidez.

BINDen onurez baliatzeko azken deia

BIND programak dagoeneko merkatuan edo azken garapen-fasean dagoen soluzio teknologiko bat duten startupak bilatzen ditu, 70 enpresa handiei balioa eman ahal izateko. Startupek azken aukera hau dute 9. edizioan izena emateko eta onura ugariz gozatzeko, hala nola:

  • Industriarako berrikuntzaren eta teknologia berrien ekosistemarekiko konexioa: Egoitza Euskadin duten erreferentziazko konpainiak eskura izango dituzte, eta industriaren eraldaketa digitalerako Networking jardueretan parte hartuko dute.
  • Lehenengo bezeroak lortzea: Sektoreko erreferentziazko enpresa liderren eskutik ezarri ahal izango dute beren teknologia berritzailea, merkatuan haren bideragarritasuna babesteko.
  • Adituen aholkuak jasotzea: Enpresen azelerazioan, teknologia berrien merkatu-estrategietan, berrikuntza irekian eta ekintzailetzan espezializatutako 40 aholkulari baino gehiago.
  • Inbertsioak eskuratzeko aukera: BINDek Venture Club bat du, inbertitzaileen klub bat, azeleragailuaren espezializazioarekin bat egiten duena. Klub horren helburua da laguntza-zerbitzuak indartzea eta parte hartzen duten startupen eta inbertsio-erakunde espezializatuen arteko harremana sustatzea.

BINDen parte hartu nahi duten startupek irailaren 6ko eguerdira arte aurkeztu ahal izango dituzte hurrengo edizioan parte hartzeko hautagaitzak, www.bindplatform.com programaren webgunearen bidez.

BINDen bederatzigarren edizioaren 12 erronkak sakon ezagutzeko, klikatu hemen.

BIND industria adimenduneko berrikuntza ireki publiko-pribatuko plataforma da, Euskadiko ekintzailetza-ekosistematik Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak sortua, SPRI Taldearen eta honen UpEuskadi plataformaren  bidez. BINDek hiru ekimen ditu: BIND Corporate, BIND SME eta BIND GovTech, Euskadiko enpresak, ETEak eta sozietate publikoak mundu osoko startup disruptiboekin konektatzeko eta berrikuntza-proiektuak garatzeko. 2016an martxan jarri zenetik, 240 startup eta scaleup baino gehiago bizkortu dira eta 320 proiektu baino gehiago garatu dira, 8 milioi euroko fakturazioa gaindituta. Era berean, plataforma erreferente bihurtu da sektorean, industria eta enpresa-sarea digitalizatzen laguntzeagatik.