Zarauzko sahiesbide berriaren proiektua aurrera doa

0

Foru Aldundiko Gobernu Kontseilu ibiltariak bilera egin du gaur goizean Zarauzko udaletxean eta bertan berretsi egin du Zarauzko saihesbide berria eraikitzeko proiektuarekin duen konpromisoa: 2024a amaitu baino lehen aterako da lizitaziora. Zarauzko Udala eta Foru Aldundia garatzen ari diren lankidetza estuari esker, proiektuak beharrezko urratsak eta izapideak gainditzen jarraitzen du, jendaurreko erakustaldiaren fasea osatu berri baitu.

Gobernu Kontseiluaren aurretik, Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak lan-bilera egin dute, eta udalerriak dituen proiektu eta erronka nagusiak aztertu dituzte, herriaren garapenarekin eta ongizatearekin duten konpromisoa berretsiz.

1,5 kilometroko saihesbide berria

Saihesbide berria funtsezkoa izango da Zarautz pareko N-634 errepideko zirkulazioa arintzeko. Bide berriak kilometro eta erdiko luzera izango du, eta AP-8ko irteerako biribilgunea Frantsesbideko bidegurutzearekin lotuko du, Abendañon; era berean, Frantsesbidea kaleko sarbidearekin bat egingo du. Azpiegiturak bi errei izango ditu, bat zirkulazioaren noranzko bakoitzerako. 1.560 metroko luzera guztira, Asti biribilgunetik (AP-8ko irteera) Frantsesbidea kalearekin lotu arte. Tarte hori «T» formako elkargunean amaituko da. Gainera, Astiko biribilgunea eraldatu egingo da, eta forma eliptikoa izango du, bide-adar berrira behar bezala egokitzeko.

Hori horrela, bide-adar hori Bidegiko instalazioen atzetik igaroko da, eta zirkulaziorako bi noranzko izango ditu; autobidearen azpitik pasako da, Sarobeaundira iritsi arte. Bertan, hiru irteerako biribilgune berri bat eraikiko da, Buztinzuriko biribilguneraino luzatuko dena. Azkenik, bide-adarretako batek saihesbidea Buztinzuriko Zarauzko hirigunearekin lotuko du, autobidearen azpiko pasabidearen bidez.

Gipuzkoako diputatu nagusiak Zarautzerako eta eskualderako hain beharrezkoa den proiektu hau gauzatzeko «konpromisoa» agertu du, zarauztar guztien «segurtasunaren, erosotasunaren eta ongizatearen mesederako» izango dena. «Gaur egun, N-634 errepideak udalerriaren erdigunea zeharkatzen du, horrek dakarren trafiko-karga guztiarekin. Saihesbide berriari esker, ibilgailuen fluxua udalerriaren bizitzarekin eta ongizatearekin orekatu ahal izango da, eta industrialdeetarako sarbideak ere berrantolatuko ditu», adierazi du. Hori dela eta, azpimarratu du proiektu hau «funtsezkoa” dela lurraldearen orekarako, Gipuzkoako errepide-sareko zenbait puntutan, auzo, udalerri eta komunikaziorako bideen artean “lotura” gisa jarduten baitute.

Mendozak azpimarratu du foru erakundea eta Zarauzko Udala «lankidetza estuan» ari direla. Bilera horiek, Kontseilu Ibiltariarekin batera, lankidetza hori «gehiago estutzeko» aukera ematen die bi administrazioei. «Gipuzkoak, bere osotasunean, erronka garrantzitsuak ditu, eta aurrera egiten du bere ekonomiaren eta gizarte-babeseko sistemaren eraldaketan, etorkizuneko belaunaldien ongizatea bermatzeko. Horretarako, funtsezkoa da erakundeen, gizarte-erakundeen, enpresen eta entitate ekonomikoen arteko lankidetza”.

Bestalde, Zarauzko alkate Xabier Txurrukak eskerrak eman dizkio Eider Mendoza diputatu nagusiari, izandako gertutasunagatik eta Zarautzerako interes orokorreko gaiak ezagutzeko duen interesagatik. Halaber, nabarmendu ditu «sintonia ona eta Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko elkarlana, gure herrirako eta Urola-Kosta eskualderako proiektu estrategiko garrantzitsuak lantzen jarraitzeko». Gainera, Txurrukak adierazi duenez, industrialdera zuzenean sartzeko saihesbidearen proiektua bideratuta dago, eta behin bide-zati berria gauzatuta, «gure herriko barne-trafikoa asko hobetuko da, autobidearen hegoaldera eramango baitu oraindik Aritzbatalde zeharkatzen duen trafiko astuna».

14,5 milioiko inbertsioa

Era berean, Zarauzko herria, Foru Aldundiaren eta Udalaren arteko akordioei esker izaten ari den eraldaketa nabarmendu da. Hobekuntza horien artean dago AP-8an, Bilborako norabidean, kilometro bat baino gehiagoan pantaila akustikoak jarri izana; edo, Itxasmendi auzo azpiko pasabidea birgaitzea, ordainlekuaren aurretik autobidean errei gehigarri bat gehitzea ahalbidetu duena.

Akordio horien bidez eta saihesbide berria eraikitzearekin batera, Foru Aldundiak 14,5 milioi euroko inbertsioa egiteko konpromisoa hartu du, Zarauzko hegoaldeko mugikortasuna eta zarauztarren bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko.

Gobernu Kontseiluaren ondoren, diputatuek Euskal Jaien mendeurrena ospatzeko zapia jaso dute  Xabier Txurruka alkatearen eskutik, udaletxetik irtetean. Ondoren, euskal jaien historiari buruzko erakusketan izan dira, Merkatu Plazako lehen solairuan; Martxel Altuna Photomuseumeko zuzendariak gidatu du bisita. Azkenik, jardunaldia Amalur parkean amaitu da, Santa Klara komentutik gertu; bertan, alkateak proiektu berria aurkeztu die diputatuei.

Gobernu Kontseilu ibiltariak

Foru erakundeak Gobernu Kontseilu ibiltariak egitea erabaki du Gipuzkoako udalerrietan. Ekimena apirilean hasi zen eta dagoeneko Leintz Gatzagan, Zestoan, Zumarragan eta Deban egin da. Astearte goizetan izaten diren saio hauetan, foru gobernuaren proiektu, esleipen eta bestelako gaiei buruzko erabaki garrantzitsuak hartzen dira.