Euskalmeten arabera abuztua normala eta bustia izan da, eta batez besteko tenperatura oso beroak izan ditu

0

Itsasertzeko eskualdeetan hilabete lehorra izan dela esan daiteke, eta Errioxan eta Arabako Mendialdean, berriz, oso bustia

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, abuztua hilabete normala eta bustia izan da eta batez besteko tenperatura oso beroak izan ditu, hala ere, orokortasun horren barruan leku batzuetatik besteetara alde handiak izan dira. Horrela, itsasertzeko eskualdeetan, Bilbo Handian izan ezik, hilabete lehorra izan dela esan daiteke, Enkarterrin eta Añanan bezala, baina Errioxan eta Arabako Mendialdean oso bustia.

Euskalmeten arabera, abuztuko batez besteko tenperaturak oso beroak izan dira. Kostaldean 20-22 ºC inguruan ibili dira, eta Arabako Lautadan 20 ºC-tik gertu, 1991-2020 batez besteko normalaren gainetik 0,8 ºC. Mende hasieratik, bosgarren abuztu beroena izan da, seriearen burua dagoen 2003koaren azpitik 2 ºC eta hurrengotik, 2022kotik, 1.1 ºC.

Eguneko tenperaturen bilakaerari dagokionez, hilaren 13ra arte egun beroak izan ziren nagusi ia erabat. Hileko gainerako egunetan, aldakortasun handiagoa izan zen, eta aldi hotzak eta beroak txandakatu ziren. Orokorrean, egun bat nabarmendu zen gainerakoen gainetik, hilaren 11, itsasertzean 10 ºC-tik gorako anomalia positiboekin.

Egun horretan, hegoaldeko fluxua izan zen, eta Kantauriko kostaldearen inguruan sortutako behe-presio erlatiboaren ondorioz, tenperaturak asko igo ziren, eta alerta laranja aktibatu behar izan zen lurralde osorako muturreko tenperatura altuengatik. Euskadiko batez besteko tenperatura maximoa 38.5 ºC-koa izan zen, eta Bizkaiko zati handi batean, Aiaraldean eta beste puntu batzuetan 40 ºC-tik gorakoa (Gardea 42.8 ºC, Arteaga 42.5 ºC, Derio 42.3 ºC, Zizurkil 42.2 ºC, Balmaseda 41.7 ºC, Iurreta 41.6 ºC, Ibai Eder 41.5 ºC, Arrasate 41.4 ºC, Lasarte 40.8 ºC). Arratsalde partean, galerna batek tenperaturak nabarmen jaistea eragin zuen, bereziki Bizkaiko kostaldean, sargori sentsazioa arinduz.

Beste alderdi aipagarri bat hilaren 6tik 11ra bitarteko tenperatura minimo altuak izan ziren. Zenbait lekutan gau tropikalak izan ziren, batez ere kostaldean eta Bilboko metropolian, baina baita Kantauriko haranetako beste leku batzuetan ere. Alde horretatik hilaren 6ko balioak nabarmendu ziren (Higer 21.8 ºC, Sodupe 21.2 ºC, Galindo 21 ºC, Behobia 20.8 ºC) eta bereziki hilaren 11koak, Arabako Errioxan goizalde oso beroa izan baitzen (Páganos 24.7 ºC, Moreda 23.7 ºC, Higer 22.4 ºC, Egino 22.2 ºC, Zorrotza 21.8 ºC, Zegama 21.8 ºC, Bermeo 20.9 ºC).

Hiriburuz hiriburu, Bilbok 233 eguzki-ordu izan zituen, Donostiak 187 eta Gasteizek 268.

Prezipitazioei dagokienez, Bilbon, Gasteizen edo Laguardian mende honetako abuzturik euritsuenetako bat izan dela esan daiteke, baina seriearen buruan dauden 2007kotik eta 2002kotik urruti. Abuztuan metatutako prezipitazioaren banaketa espaziala nahiko desitxuratuta dago ohikoaren aldean, hilabetearen ezaugarri izan ziren ekaitzen ondorioz.

Horrela, baliorik altuenak Gipuzkoako ipar-ekialdean dauzkagu, kostaldea barne dela, eta hainbat estaziotan erregistratu ziren 100 l/m² baino gehiago (Eskas 140.1, Miramon 119.6, Andoain 107.4, Lasarte 100.58 eta Añarbe 100.4). Era berean, prezipitazio ugariak izan ziren Gipuzkoako goi-arroen inguruan ere (Zegama 106 l/m², Oñati 89.5 eta Urkulu 88).

Abuztuan erregistratutako euri-egunen kopurua nahiko ohikoa izan da, gehienak hilaren 13tik aurrera. Hiriburuei dagokienez, Bilbon 7 euri-egun zenbatu dira, Donostian 11 eta Gasteizen 6.

Hilabeteko azken egunetan ezegonkortasuna nabarmen areagotu zen, eta haize-bolada zakarrak erregistratu ziren ekaitza izan zen lekuetan. Horrela, hilaren 31n, haize-erauntsien lerro bat igarotzean, 100-120 km/h-ko boladak erregistratu ziren haizeguneetan (Orduña 122.8 eta Matxitxako 121.4), eta 80-100 km/-h-ko boladak haizeguneak ez diren lekuetan (Mallabia 100.2 eta Nanclares 91 km/h).

Muturreko meteorologiari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak abuztuan zehar 2 alerta laranja aktibatu zituen, horietako 1 muturreko tenperatura altuengatik eta 1 prezipitazio ugariengatik; bai eta 10 abisu hori ere, horietako 4 prezipitazio ugariengatik; 1 galernagatik; 3 tenperatura altu iraunkorrengatik, 1 muturreko tenperatura altuengatik eta 1 basoko sute-arriskuagatik.