Programa gaur goizean aurkeztu dute Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Ander Caballerok eta Oñatiko alkate Izaro Elorzak
Ander Caballerok Oñatin aurkeztu du gaur goizean, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi gisa egin duen lehen agerraldian, datorren igandean, irailak 8, Oñatin ospatuko den Euskal Diasporaren Egunaren ekitaldi nagusia, Imanol Pradales Lehendakaria buru dela.
1974an Boiseko Estatu Unibertsitateko (Idaho) ikasle eta irakasleen lehen egonaldi-programaren 50. urteurrenaren inguruan, Caballerok Gipuzkoako herri horretako kultur eragile ugarirekin batera antolatutako ekitaldien egitaraua xehetasunez aurkeztu du.
Larraña auzoko Eltzia eraikinean egingo den ekitaldi nagusiaren ondoren, leku berean erakusketa bat inauguratuko da.
Igandeko ospakizunera 1974-1975 ikasturteko parte-hartzaileen ordezkaritza handi bat bertaratuko da, Estatu Batuetatik etorria. Horrez gain, datorren ostiralean, hilak 6, egonaldi haren inguruan Iñaki Galdos oñatiarrak idatzitako «Abentura bat baino askoz gehiago» izeneko liburua aurkeztuko da.